Mundua -
AZKEN BALANTZEA
306 lagun hil eta 3.037 zauritu dira Iranen, bi lurrikararen ondorioz
Hildako gehienak emakumeak eta haurrak dira; lurrikarak gertatu zirenean, etxe barruan zeuden.
Erredakzioa
Marzie Vahid Dastyerdi Irango Osasun ministroak lurrikaren azken balantzea azaldu du Teherango Parlamentuan. 306 pertsona hil dira eta 3.037 zauritu, herrialdeko ipar-ekialdean izandako bi astinduen ondorioz. Gehienak emakumeak eta umeak ziren.
Larunbateko lurrikarek Mendebaldeko Azerbaijan probintziako lau barruti suntsitu zituzten. Astinduak gertatu eta 24 ordu igaro ez direla, agintariek bukatutzat eman dituzte bilaketa eta erreskate lanak. Mostafa Mohamad Najar Barne ministroak esan duenez, “bizirik atera direnei babesleku bat eta janaria emateko” bizkortu zituzten lanak.
Dastyerdi eta Nayar txikitutako eremuan izan ziren igandean. Osasun ministroaren hitzetan, larunbateko bi lurrikaren ostean 116 lurrikara txiki egon dira; nabarmenenak 4,8 gradu hartu zituen Richter eskalan.
306 hildakoetatik 219 emakume eta haurrak zirela gaineratu du. Astinduak izan zirenean, etxe barruan aurkitzen zeuden horiek; gizonak, berriz, kanpoan zeuden, lanean.
6,4 eta 6,3 graduko lurrikarak
Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak lehenengo astinduaren maila igo du. Lehenengo lurrikarak 6,4 gradu izan ditu, eta bigarrenak 6,3. Abdol Hasan Fagih Ilargi Gorriko presidenteak plazaratutako azken datuen arabera, Varzagan, Haris eta Ahar barrutietako 230 herrixken %70 suntsituta daude.
Kaltetuak bizkorrago lagundu nahi ditu Iranek
Irango agintariek babes handiagoa eta laguntza azkarragoa eskainiko diete 300.000 kaltetuei.
Orain arte, Irango Ilargi Gorriak emandako datuen arabera, etxebizitza galdu duten 48.370 kaltetuak aterpetxe eta larrialdi kanpamenduentan daude. Erakundeak 9.674 kanpin denda eta 11.942 manta banatu ditu.
Gaixotasun infekziosoak saihesteko lagun taldeak joan dira suntsitutako inguruetara. Oraingoz, ez dute horrelakorik detektatu, eta Odol-Transfusioren Zerbitzuko zuzendariak, Mahtab Magsudluk, odol emaileei, bereziki zero negatibo mota dutenei, ematera joan daitezen dei egin die. Ezbeharraren ostean, herrialde askok, doluminak eman dizkiote Irani eta laguntza humanitarioa eskaini diote.