Mundua -

ERRUSIA

Zirkulu polar artikoko espetxe batean aurkitu dute Navalni, hiru astez desagertuta egon ondoren

"Alexei Navalni aurkitu dugu! IK-3 espetxean dago, Jarp herrian, Yamalo-Nenets barruti autonomoan. Gaur abokatuak ikusi du. Alexei ondo dago ", esan du oposizioko buruzagi errusiarraren bozeramaileak.

Navalni, Artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Navalni, Artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Navalni, Artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexei Navalni Errusiako oposizioko buruzagi presoa Ural mendikatetik gertu dagoen kartzela batean aurkitu dute, Artikoko zirkulu polarrean, ia hiru astez desagertuta egon ostean, bere kolaboratzaile taldeak X sare sozialean jakitera eman duenez.

"Alexei Navalni aurkitu dugu! IK-3 espetxean dago, Jarp herrian, Yamalo-Nenets barruti autonomoan. Gaur abokatuak ikusi du. Alexei ondo dago ", idatzi du Kira Yarmish oposizioko buruzagi errusiarraren bozeramaileak.

Abenduaren 5ean hitz egin zuen Navalnik azken aldiz bere abokatuarekin eta geroztik ez zegoen bere berririk.

6.000 biztanle inguru ditu Jarp herriak, Moskutik ia 2.000 kilometrora dago eta 45 ordu behar dira Errusiako hiriburutik trenez iristeko.

Ivan Zhdanov Navalniren atzerriko kolaboratzaileetako baten arabera, "Otso polarra" deitzen diote espetxe horri eta zibilizaziotik urrutien dagoen Errusiako presondegietako bat da.

Duela hamar egun, Errusiako espetxe-zerbitzuek (FSIN) Navalni Vladimir eskualdean zigorra betetzen ari zen kartzelatik lekualdatu zutela onartu zuten, baina ez zuten helmuga berririk zehaztu.

Bai Estatu Batuek, bai Europar Batasunak (EB), bai Amnesty Internationalek (AI) kezka agertu zuten gertatzen ari zeneaz. Larunbatean bertan Antony Blinken Estatu Batuetako Estatu idazkariak "berehala askatzeko" eta "Errusiako ahots independenteak zapaltzeari" uzteko eskatu zion berriz ere Errusiako Gobernuari.

Joan den abenduaren 7an, 2024ko martxoaren 17ko hauteskundeetan Putinen aurka bozkatzeko eskatu zuen Navalnik kartzelatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Vladímir Putin Presoak bideoak Eguneko albisteak Albisteak