Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Ukrainak eutsi egin dio 2023an, baina zalantzaz beteta dator 2024a
Errusia gogor ari da erasotzen, eta Ukrainako kontraeraso militarrak ez du lortu nahi zen emaitza. Gainera, Ukrainak kanpoko laguntza finantzario eta militarraren mende jarraitzen du.
EFE | EITB MEDIA
Bigarren gerra urtea amaitzear dute Ukrainan, Errusiak eraso zienetik. Balantze "baikorra" egiten dute iturri ofizialek, "ausardiaz eutsi diotelako", baina etorkizuna kontraesanez beteta dator. Batetik, kontraeraso militarra ez da erabat nahi zuten bezalakoa izan, eta, bestetik, zalantzak piztu dira AEBk eta Europak ematen dien babesaren inguruan.
Udan kontraerasoa jo zuten Errusiak okupatutako eremuetan, baina gutxi aurreratu zuten, ez zitzaizkielako iritsi "atzerritik heldu beharreko armak".
2023a arrakastatsutzat jo dute iturri ofizialek. "Ez genituen izan behar genituen arma guztiak. Hala ere, geneukanak aukera eman zigun operazio militarrak konfiantzaz egiteko", adierazi du Valeri Zaluzhni Ukrainako Armadako komandante buruak.
2024. urtea hastear dela, Ukrainak Errusiak hasieran kendutako lurren erdiak berreskuratu ditu. Une honetan, herrialdearen % 18 inguru, Krimea eta 2014-2015ean bere egindako Luhansk eta Donetskeko zatiak barne, Errusiaren esku daude oraindik.
Bakhmut izan da Errusiaren lortzen handienetako bat, 70.000 biztanleko hiria, baita ekialdeko beste gune txiki batzuk ere. Hala ere, bere galerak izugarriak izan dira, mendebaldeko inteligentzia zerbitzuek hamarnaka mila hildako zenbatu dituzte eta 250.000 Ukrainako Armadak.
Ukrainak, gainera, Itsaso Beltzeko flota errusiarra bere portu eta kostaldeko hirietatik urruntzea ere lortu du, lorpen aparta ia itsasorik ez duen herrialde batentzat. Horri esker, 10 milioi tona ondasun baino gehiago esportatu ahal izan ditu, herrialdearen ekonomia sendotzen laguntzeko, eta kanpoko finantza-laguntzaren mende dauden arren, % 5 inguru hazi da 2023an Ukrainako ekonomia.
Ziurgabetasuna 2024rako
Dena dela, ez dago oso argi "nola doan gerra". Ukrainak kanpoko laguntza finantzario eta militarraren mende jarraitzen du, nahiz eta ahalegin handiak egin bere ekoizpena indartzeko, eta AEBk eta EBk 2024ra arte laguntza zabaltzeko eta handitzeko duten gaitasunaren mende dago.
Errusia erasoak areagotzen aritu da, eta inoizko tropa kopuru handiena du Ukrainan.
Bien bitartean, Ukraina mobilizazio-politika arrazionalizatzen saiatzen ari da, 2024an 400.000 eta 500.000 herritar bitartean deitu beharko lituzketelako gerrara, Volodimir Zelenski presidentearen arabera.
Jendea mobilizatzeko izan ditzaketen zailtasunek eta atzerriko laguntza militarraren balizko jaitsierak proban jarriko luke Ukrainaren gaitasun militarra.
Gainera, AEBn zein Europan izango diren hurrengo hauteskundeek ere aldatu egin ditzakete orain arteko indar harremanak.