Mundua -
Frantzia
Macronek "autoritate gehiago" agindu du eta eskoletan uniformea eta Marsellesa ezarriko dituela iragarri
Bere gobernu berriaren helburuak azaltzeko agerraldi luzea egin du Frantziako presidenteak. Kritiken jomugan dagoen Hezkuntza ministroa babestu du, eta berretsi egin du sexu erasoengatik auzipetutako Gerard Depardieu aktorearen defentsa
Agentziak | EITB Media
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak "autoritate gehiago" agindu ditu Estatuan, eskoletan eta kaleetan, bere agintaldia bultzada emateko asmoz.
Bere gobernu berriaren helburuak azaltzeko agerraldi luzean —bi ordu eta laurden iraun du—, "ordena", "autoritatea" eta "aurrerapena" hitzak erabili ditu behin eta berriz presidenteak. Exekutibo berrian Nicolas Sarkozyrekin lotutako hainbat buruzagi jarri ditu, eta askok eskuinera are gehiago jotzea leporatu diote.
Hezkuntza izan da gai izarretako bat, arloko ministroa kritiken jomugan dagoen honetan (eskola publikoaren kontrako adierazpenak egiteagatik). Macronek ikasgeletara disziplina itzuli behar dela defendatu du, eta horren harira, uniformea berrezartzeko aukera jarri du mahai gainean. Bada gehiago: haurrei Marsellesa ikasaraztea, hezkuntza zibikoa indartzea edota diplomak ematearen "erritoa" berreskuratzea ere proposatu ditu.
Uniformearen kontuaz, esan du 100 bat eskola publikotan proba pilotua egingo dutela datorren ikasturtean, eta emaitzak positiboak badira, 2026an sistema osoan ezarriko dutela.
Bestalde, Lehen Hezkuntzan Marsellesa ereserki nazionala ikasaraztearekin "erabat ados" dagoela azpimarratu du. Argudiatu duenez, "batzen gaituzten balioen sinbologia berreskuratu behar dugu".
Halaber, umeen artean ordenagailu eta sakelakoen pantailak "egoki erabiltzeko" neurriak iragarri ditu, "etxean zein eskolan".
Amelie Oudea-Castera Hezkuntza ministroa hertsiki defendatu du. Oudea-Casterak barkamena eskatu behar izan du berriki, semea eskola publiko batetik atera pribatu batean matrikulatzeko zergatiak azaltzeko sistema publikoaren kontra egindako adierazpenengatik. Esan zuenez, pribatura jo zuen eskola publikoak ordezkatzen ez ziren baja asko zeudelako. Macronen ustez, ezin dira ministroen "erabaki pribatuak" zalantzan jarri.
Azkenik, Gerard Depardieu aktoreari buruz ere galdetu diote. Hainbat emakume sexu erasoengatik salatu zuten aktore ezaguna, eta salaketon aurrean, hura defendatu zuen Macronek (Errepublikarentzat eredu zela ere esan zuen). Adierazi du ez dela damutzen errugabetasun presuntzioa babesteaz, baina baina emakumeen ahotsak garrantzitsuak direla gehitu du oraingo honetan.