Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Nitrogeno bidezko asfixia, preso bat hiltzeko AEBn gaur lehen aldiz erabiliko duten teknika

Alabaman heriotzaren korridorean preso dagoen Kenneth Eugene Smith gaur arratsaldean hilko dute, gas egoeran dagoen nitrogenoa arnastera behartuta. Polemika handia piztu da gaiaren inguruan.

Heriotza-zigorraren kontrako ekintzaileak, AEBn
Heriotza-zigorraren kontrako ekintzaileak, AEBn
Heriotza-zigorraren kontrako ekintzaileak, AEBn

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Batuetan izugarrizko oihartzuna izaten ari da  Alabamako heriotzaren korridorean dagoen gizon baten kasua. Gaur hilko dute, orain arte preso bat hiltzeko inoiz erabili gabeko teknika baten bidez: nitrogeno bidezko asfixia. Harrabots handia eragin du albisteak, eta giza eskubideen aldeko talde ugari atera dira kalera, prozesua eteteko eskatzera. Nazio Batuen Erakundeko adituek ere uste dute arrisku handiak dituela teknika horrek: ez omen du heriotza berehala eragiten eta oso mingarria omen da.

AEBko hiru estatutan dago, oraingoz, baimenduta nitrogenoa erabiltzea heriotza-zigor kasuetan: Alabaman, Oklahoman eta Mississippin. Injekzio hilgarriak lortzeko arazoak zituztela eta — farmazeutika handi askok uko egin diote injekzioak helburu horrekin saltzeari—, aipatutako estatuetan nitrogeno bidezko asfixia ontzat eman zen.

Kenneth Eugene Smith da gaur hilko duten gizona. 58 urte ditu eta 1989an zigortu zuten heriotzera, emakume bat hiltzeagatik diruaren truke. 2022an injekzio hilgarri bat jarri zioten, baina huts egin zuen teknikak. Prozedurak eta teknikak goitik behera berrikustea eragin zuen horrek.

Gas egoeran dagoen nitrogenoa arnastera behartuko dute, maskara itxi baten bidez, heriotza eragin arte. Gasaren gehieneko pilaketa mailak zenbatekoa izan behar duen zehaztuta dago araudian.

Alabaman 18:00ak direnean (hemen, 00:00ak) izango da exekuzioa. Prestaketa lanak baina duela egun batzuk hasi ziren. Protokoloak dio hil baino egun batzuk lehenago presoak bere ziegatik hilko duten gelaraino egingo duen bidea entseatuko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Presoak bideoak NBE albisteak Eguneko albisteak Albisteak