Mundua -

Adengo golkoa

Huthiek Adengo golkoan jaurtitako misil balistiko bat eta hiru drone iraniar eraitsi ditu AEBk

Yemengo hiriburua, Sana, eta herrialde horretako ipar eta mendebaldeko beste hainbat toki dituzte kontrolpean Iranek babestutako matxinoek, 2015etik. Gazako Zerrendan erasoaldia hasi zenetik, Israelekin lotura duten ontziak dituzte jomugan.

Adengo golkoa. Argazkia: Wikimedia
Adengo golkoa
Adengo golkoa. Argazkia: Wikimedia

AGENCIAS | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko Gobernuak iragarri du huthiek Adengo golkoan jaurtitako misil balistiko bat eta hiru drone iraniar eraitsi dituela. Hain zuzen ere, huthiek kontrolpean duten Yemengo lekuren batetik iritsi da erasoa. Atzo, bestalde, itsaso Gorrian ontzi estatubatuar bati egin zioten eraso huthiek, Gazako Zerrendan jazotzen ari den oldarraldiari erantzute aldera.

CENTCOMek, AEBko agintaritza nagusiak, zehaztu du "USS Carney" destruktoreak 20:30 aldera (bertako ordua) eraitsi duela misila, eta 21:10ean hiru droneak, inor zauritu barik eta kalterik eragin gabe.

Lehenago, 15:30ean, CENTCOMek jakinarazi zuen indar estatubatuarrek lur-airetik misil bat eraitsi zutela. "Jaurtitzeko prest zegoen", eta "mehatxu larria zen AEBko hegazkinentzat", X sare sozialean argitaratu duten mezu batean diotenez.

Bestalde, huthien ekintza militarren bozeramaile Yahy Sarik adierazi du "itsas misilak botata" AEBko "Cole" ontziraino heldu direla. Iturri horren arabera, okupatutako Palestinako portuetara zihoan ontzi hori.

Yemengo hiriburua, Sana, eta herrialde horretako ipar eta mendebaldeko beste hainbat toki dituzte kontrolpean Iranek babestutako matxinoek, 2015etik. Gazako Zerrendan erasoaldia hasi zenetik, 2023ko urriaren 7tik, Israelekin lotura duten ontziak dituzte jomugan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel Palestina