Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Ukrainak Luhanskeko okindegi batean zazpi hildako eta dozenaka desagertu eragin dituela salatu du Errusiak
Errusiako Larrialdi Egoeren Ministerioak jakinarazi duenez, "Ukrainako Indar Armatuek Lysytxansk hirian egindako bonbardaketa baten ondorioz, okindegi bateko bi solairuko eraikina behera etorri da". "Ahalegin guztiak desagertuen bilaketara bideratzen ari gara", gaineratu dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukraina ekialdean dagoen Luhansk eskualdeko Administrazioak salatu duenez, Ukrainako indarren eraso batek Lysytxansk herriko okindegi bat jo du larunbatean, eta gutxienez zazpi pertsona hil dira. Hainbat pertsona zauritu dira, eta 40 inguru hondakinen artean harrapatuta daudela adierazi dute.
"Orain arte, zazpi zibilen heriotzaren berri izan dugu", esan du larrialdi zerbitzuetako bozeramaile batek, TASS albiste agentziak zabaldu duenez.
Leonid Pasechnik Luhanskeko Herri Errepublikaren arduraduna izan da erasoaren berri ematen lehena.
"Gure etsaiek frontean arrakastarik izan ez dutenez, Lysytxanskeko biztanleria zibilari eraso diote, asteburua dela jakinda. Larrialdi Egoeretako Ministerioko eta komandantzia militarreko langileak biktimak salbatzeko lanean ari dira", zabaldu du Telegramen duen kontuan.
Errusiako Larrialdi Egoeren Ministerioak geroago zehaztu duenez, "Ukrainako Indar Armatuek Lysytxansk hirian egindako bonbardaketa baten ondorioz, okindegi bateko bi solairuko eraikina behera etorri da". "Ahalegin guztiak desagertuak bilatzeko lanetara bideratzen ari gara", gaineratu du.