Mundua -

SUTEAK

Ia 100 hildako eta 3.000 etxebizitza baino gehiago kiskalita Txilen, aurrekaririk gabeko suteetan

Gabriel Boric presidenteak esan du 2010eko lurrikara handiaren ondoren izan den tragedia handiena dela oraingoa. Bi dolu egun deitu ditu herrialde osoan.

Viña del Mar, Valparaiso eskualdean, Txilen. Argazkia: EFE
Viña del Mar, Valparaiso eskualdean, Txilen. Argazkia: EFE
Valparaison piztutako baso-sute larriek 99 hildako baino gehiago eragin dituzte jada

0:43

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txile kiskaltzen ari da. Gabriel Boric presidenteak argi esan du 2010eko otsailean bizi izan zuten lurrikaraz geroztik herrialdean izan den "tragediarik handiena" gertatzen ari dela asteburu honetan. Gauzak horrela, Latinoamerikako hainbat herrialdek, Frantzisko Aita Santuak eta Europar Batasunak (EB) elkartasun mezuak bidali dituzte azken orduetan.

Ostiralean piztu ziren suteak eta orain arte, gutxienez, 3.000 etxebizitza desagerrarazi eta 99 hildako utzi dituzte. Valparaiso eskualdea da kaltetuena.

Txileko presidenteak bi dolu egun ezarri ditu herrialde osoan astelehen honetatik, eta hildakoen kopurua "nabarmen haziko" dela ohartarazi du.

Santiagotik 100 kilometro ekialdera dagoen Valparaiso eskualdean oraindik zazpi sute daude aktibo, Basogintza Korporazio Nazionalaren azken txostenaren arabera. Ostiral goizean hasi ziren suteak, eta berehala zabaldu ziren eskualdeko tenperatura altuen eta haize-bolada gogorren ondorioz.

Josep Borrell Europar Batasuneko Kanpo Arazoetarako goi ordezkariak elkartasuna adierazi die Txileko Gobernuari eta herriari, eta adierazi du EB prest dagoela "une zail hauetan laguntzeko".

Borrellek, X sare sozialean argitaratutako mezu batean, tragedia "lehorte eta klima hondamendiarekin" lotu du.

Europar Batasuneko iturriek azaldu dutenez, Txilek Bruselari eskaera formala egingo dionean iritsiko da Europar Batasunaren laguntza. Hogeita zazpi herrialdeek emango duten laguntza Hego Amerikako herrialdeak eskatzen duen laguntza motaren araberakoa izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Suteak Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Txile