Mundua -

SUTEAK

Gutxienez 122 pertsona hil dira Txileko baso suteetan

Biktima kopuruak gora egin dezakeela aurreikusi dute, desagertutako pertsona kopurua handia baita. Agintarien hitzetan, 165 baso-sute daude aktibo, eta nahita eragindakoak direlakoan daude, batzuk aldi berean hasi baitira.

Garrek etxebizitzak kiskali dituzte. EFE
Garrek etxebizitzak kiskali dituzte.
Gutxienez 112 pertsona hil dira Txilen piztutako 165 suteetan

0:41

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txileko agintarien arabera, 122 dira jada herrialdeko erdialdean, Valparaiso eskualdean, piztutako baso suteetan hildakoak. Dena dela, biktima kopuruak gora egingo duela uste dute, hainbat pertsona desagertuta baitaude. Gainera, 40.000 pertsonak etxebizitza galdu dute.

Manuel Monsalve Barne idazkariordeak zehaztu duenez, 38 autopsia egin ostean, 32 gorpu identifikatu ahal izan dituzte. Orain, "eremuz eremu topatzen ditugun gorpuak erretiratzeko lanetan gaude", erantsi du. 

"Hondamendi nazionala da. Presidenteak bi dolu egun ezarri ditu, eta horrek ondo adierazten du Valparaisoko eskualdean izandakoa" adierazi du Monsalvek, El Mercurio egunkariak jaso duenez.

Barne idazkariordearen hitzetan, azken orduetan baliabide gehiago dituzte suteei aurre egiteko: "Hobekuntza nabarmena izan dugu. Gaur-gaurkoz ez dago arrisku bizian dagoen pertsonari. Datozen egunetan suteak kontrolpean hartzeko moduan izango gara, baina piztuta daude eta lanean jarraitu behar dugu".

Hala, eguneratutako datuen arabera, 165 sute daude aktibo, larunbatean baino 11 gehiago. 112 mendean hartu dituzte, beste 40 kontrolatzeko lanean daude, eta lau itzali dituzte. 

Gabriel Boric Txileko presidenteak iragarri du Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko gobernuburuarekin hitz egin duela. Itzaltze-lanetan laguntzeko hainbat bide adostu dituzte biek ala biek. "Une gogorretan elkartasuna zein garrantzitsua den" gogorarazi du. 

Aurrez, Rodrigo Mundaca Valparaisoko gobernadoreak salatu du hainbat sute "nahita eragindakoak" izan direla, eta beraz, hilketa delitua egon daitekeela tartean. "Ezin ditugu zigor gabe utzi, adingabeak ere hil dira. Bilatu, jazarri eta espetxeratu egingo ditugu", iragarri du egileak hizpide hartuta. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Suteak Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Txile