Mundua -

El Salvador

Bukelek El Salvadorreko hauteskundeak irabazi dituela iragarri du, emaitza ofizialak ezagutarazi aurretik

Egungo presidentearen arabera, "botoen % 85 baino gehiago" eskuratu ditu. Kontaketa ofizialak ere (botoen % 31 zenbatuta) hautagai ultraeskuindarraren garaipen argia aurreratu du. Irabaziko balu, karguan errepikatuko lukeen lehen presidentea izango litzateke, Konstituzioak debekatu arren.

Bukele garaipena ospatzen, Jauregi Nazionalean. EFE
Bukele garaipena ospatzen, Jauregi Nazionalean.
Bukele garaipena ospatzen, Jauregi Nazionalean. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nayib Bukele El Salvadorreko jarduneko presidente ultraeskuindarrak igandean iragarri duenez, berak irabazi ditu herrialdeko presidente eta legegintza hauteskundeak, "botoen % 85 baino gehiagorekin". Emaitza ofizialak jakinarazi baino lehen jo du bere burua garailetzat (El Salvadorren Hauteskunde Auzitegi Gorenari dagokio datuak egiaztatzea eta zabaltzea). 

Garaipena baieztatuko balitz, karguan errepikatzen duen lehen presidentea izango litzakete Bukele —beste bost urte dira—, Konstituzioak espresuki debekatzen badu ere (dimisioa eman zuen duela sei hilabete, Gorte Gorenak ezarritako baldintza bete ahal izateko). Agintean egon den bost urteetan "pandillak desagerrarazi" dituela nabarmendu du harro, eta Hego Amerikako hilketa indize txikienak dituela horri esker. 2022tik, salbuespen egoera dago ezarrita herrialdean, eta hainbat oinarrizko eskubide bertan behera geratu dira (adierazpen edota biltzeko eskubideak). 70.000 pertsona espetxeratu dituzte gaizkile taldeen kide direlakoan. 

Emaitza ofizialen berri ez zegoela, El Salvadorreko Jauregi Nazionaleko balkoira atera da Bukele. Azpimarratu duenez, hauteskundeak bere agintaldiaren "erreferenduma" izan dira.  

Pozarren adierazi duenez, "munduko demokrazia guztien markak hautsi ditu El Salvadorrek. Demokrazia dagoenetik, ezein alderdik ez du guk lortutako boto kopurua eskuratu. Inoizko ehuneko handiena da, hitzez hitz. Lehen postuaren eta bigarren postuaren arteko tartea inoizko handiena da. Oposizioa birrinduta geratu da". 

Garaipen eztabaidaezina, lehen emaitza ofizialen arabera

Behin-behineko datu ofizialen arabera (% 31,49 zenbatuta), Bukeleren alderdiak, Ideia Berriak (NI), 1.090.522 boto eskuratu ditu. Ezkerreko alderdi bat, Askapen Nazionalerako Marti Farabundo Frontea (FMLN) geratu da bigarren, baina alde oso handiarekin: 93.846 boto lortu ditu. Aliantza Errepublikano Nazionalistak (eskuina), bestalde, 81.102 boto eskuratu d¡tu, Hauteskunde Auzitegi Gorenaren arabera. 

Hain justu, Guillermo Wellman auzitegi horretako magistratua haserre mintzatu da Bukelek bere burua garailetzat aldarrikatu duelako. "Bukelek emandako datuak ez dira ofizialak. Guri dagokigu hori", nabarmendu du. 

Gogora ekarri behar da El Salvadorreko Konstituzioak espresuki debekatzen duela hautagai bat bigarrenez aurkeztea. Dena dela, Justizia Gorte Goreneko epaileek Konstituzioaren berrintepretazioa egin zuten, eta Bukeleri berriz aurkezteko aukera eman zioten, bozen aurretik sei hilabetez kargua uzteko baldintzarekin. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Hauteskundeak