Mundua -

Hauteskundeak

Zer da AEBko 'superasteartea'? zer dute jokoan Trumpek eta Bidenek?

Alderdi Demokratak eta Errepublikanoak presidentegaia aukeratuko duten ordezkarien % 35 baino gehiago hautatuko dituzte. Kalifornian eta Texasen, estatu handienetan, izango dira bozketak, beste askoren artean.

Trumpen hauteskunde ekitaldia Richmonden (Virginia). Argazkia: EFE
Trumpen hauteskunde ekitaldia Richmonden (Virginia). Argazkia: EFE
Trumpen hauteskunde ekitaldia Richmonden (Virginia). Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astearte honetan izango da AEBko hauteskunde presidentzialetarako primarioen egun handia, 'superastearte' gisa ezagutzen dena. Egun bakar batean ordezkarien herena baino gehiago (% 35) aukeratuko dute, eta hautagaitza erabakita utz dezake Joe Biden demokratarentzat eta Donald Trump errepublikanoarentzat.

Zergatik da garrantzitsua 'superasteartea'?

Urtarrilaren 15ean hasi ziren presidentzialetarako primarioak Iowan errepublikanoentzat, eta otsailaren 3an Hego Karolinan demokratentzat. Ordutik estatu gutxi batzuetan egin dituzte bozketak.

Data horiek entresaka egiteko balio izaten dute, faboritoak zeintzuk diren zehazteko, eta babes gutxien dutenak erretiratzeko. Hala, aurten Ron DeSantis, Chris Christie eta Vivek Ramaswamyk uko egin diote primarioetan jarraitzeari 'superasteartea' baino lehenago.

Hala, 'superastea'ren garrantzia da primarioen garai goiztiar batean ordezkari andana aukeratzen dela, eta horrek prozesua erabat bideratzen duela.

Zein estatutan bozkatzen dute 'superasteartea'n?

AEBko 50 estatuetako 14tan egingo dituzte bozketak errepublikanoek eta demokratek, tartean Kalifornian eta Texasen, estatu handienetan. Gainerakoak Alabama, Arkansas, Colorado, Maine, Massachusetts, Minnesota, Ipar Karolina, Oklahoma, Tennessee, Utah, Vermont eta Virginia dira.

Kalifornia eta Texas izango dira ordezkari gehien banatuko dituztenak martxoaren 5 honetan, eta guztiz bideratuta utziko dituzte Bidenen eta Trumpen hautagaitzak. Errepublikanoen kasuan, gainera, % 50eko babesa gainditzen dutenek eskuratzen dituzte ordezkari gehienak.

14 estatu horiez gain, errepublikanoek Alaskan ere bozkatuko dute, eta atzerrian, Amerikar Samoan eta Ipar Irla Marianetan bizi diren boto-emaile demokratek ere primarioak izango dituzte.

Zenbat ordezkari banatzen dira?

Errepublikanoek uztailean Milwaukeen egingo den Batzar Nazionalean parte hartuko duten 2.429 ordezkarietako 865 hautatuko dituzte, % 35,6 hain zuzen ere.

Demokraten kasuan, 3.934 ordezkarietako 1.439 aukeratuko dituzte, % 36,5. Demokraten Biltzar Nazionala Chicagon (Illinois) izango da, abuztuan.

Joe Biden. Foto: EFE

Joe Biden. Foto: EFE

Bidenek primarioak irabaz ditzake 'superasteartea'n?

Ez. Bidenek jokoan dauden ordezkari guztiak irabaziz gero ere (bi bakarrik galdu ditu, Michiganen), 1.645 ordezkaritan geratuko litzateke, gehiengoa ematen duten 1.968etatik 323ra.

Oposizio indartsurik ez duenez, litekeena da Bidenek martxoaren 19an lortzea behin betiko garaipena, beste hamar estatutan egingo baitituzte primarioak.

Trump. Foto: EFE

Trump. Foto: EFE

Trumpek?

Ezta ere. Presidente ohia, primarioetan oztopo handirik gabe nagusitzen ari den arren, Nikki Haleyren parte hartzeak atzeratu egin du garaipen aldarria.

Trumpek ordezkari guztiak eskuratuko balitu ere, ez litzateke hautagai izateko beharko lituzkeen 1.215era iritsiko.

Baina Trumpek garaipen zabala lortuz gero, oso zaila izango du Haleyk lehia horretan jarraitzeko argudiorik izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Hautagaiak gaur Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Biden gaur Donald Trump albisteak