Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Kargaontzi batek Baltimoreko zubi handiena jo eta eraitsi egin du
Zubia erori den unean hainbat auto ari ziren bertatik pasatzen, eta suhiltzaileak gutxienez 7 pertsonaren bila ari dira Patapsco ibaiaren uretan. Halaber, bi pertsona onik erreskatatu dituzte.
Agentziak | EITB Media
Zubi bat erori da Ameriketako Estatu Batuetako Baltimore hirian, kargaontzi batek zutabeetako baten aurka talka egin ostean. Bi pertsona onik erreskatatu dituzte, eta suhiltzaileak gutxienez zazpi pertsonaren bila ari dira Patapsco ibaiaren uretan.
01:30ak aldera, Singapurreko bandera duen itsasontzi batek Baltimoreko zubi handiena dena (Francis Scott Key zubia) jo eta bota egin du. Ezbeharraren unean hainbat auto ari ziren bertatik pasatzen.
James Wallace Baltimoreko suhiltzaileen buruak Poliziarekin batera eskaini duen prentsaurrekoan azaldu duenez, bi pertsona onik erreskatatu dituzte. Horietako batek osasun arreta jasotzeari uko egin dio eta bestea osasun zentro batera eraman dute egoera larrian. Horrez gain, gutxienez zazpi pertsonaren bila ari direla baieztatu du, nahiz eta onartu duen zifra horrek gora egin dezakeela. Izan ere, aurrez suhiltzaile batek CNN telebista katean adierazi du "gutxienez 20 pertsona" daudela uretan.
Uraren tenperatura baxua kontuan hartuta (bederatzi gradu), ez dute denbora asko iraungo.
Bestalde, Baltimoreko Poliziaren ofizial batek gutxienez zazpi ibilgailu erori direla uretara.
Halaber, Poliziak baztertu egin du gertaturikoa nahita eragindakoa izan dela.
288,9 metro luze den Dali zamaontziak Singapurreko bandera du eta Synergy Group enpresarena da. Horren arabera, eskifaia osatzen duten 22 pertsonak onik daude eta agintariekin elkarlanean ari dira gertaturikoa argitzeko.
Momentuz, Baltimoreko portuko trafikoa bertan behera utzi dute.
2,5 kilometro luze eta 56 metro garai da Francis Scott Key zubia, eta 1977ko martxoaren 23an inauguratu zuten.
Francis Scott Key zubia, Baltimoren. Argazkia: Dharrah87