Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

AEBko Gorena "eszeptiko" agertu da Trumpen immunitate eskaeraren aurrean, baina prozesua luza dezake

Epaile gehienak "eszeptiko" agertu dira Trumpen immunitate eskaeraren aurrean, baina Fiskaltzaren jokabidearekin kritiko agertu diren magistratu kontserbadoreak ere egon dira.

Aldi berean, New Yorken, Trumpen aurkako epaiketak aurrera jarraitzen du. Argazkia: EFE
Aldi berean, New Yorken, Trumpen aurkako epaiketak aurrera jarraitzen du. Argazkia: EFE
Aldi berean, New Yorken, Trumpen aurkako epaiketak aurrera jarraitzen du. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Auzitegi Gorena "eszeptiko" agertu da gaur Donald Trumpek erabateko immunitate judiziala izateko egindako eskaeraren aurrean, baina zenbait epailek gaia guztiz ez ebaztearen eta instantzia txikietara itzultzearen alde egin dute.

Bi ordu baino gehiagoko saio historikoan, bederatzi magistratuek (sei kontserbadore eta hiru aurrerakoi) John Sauer Trumpen abokatuari eta Michael Dreeben fiskalari buruzagi errepublikanoaren balizko immunitatearen inguruan galdetu diete.

Epaile gehienak "eszeptiko" agertu dira Trumpen eskaeraren aurrean, presidente baten funtzioei dagozkien ekintzak soilik immunitateak blindatuta daudela iritzita, eta ez izaera pertsonala dutenak.

Baina Fiskaltzaren jokabidearekin kritiko agertu diren magistratu kontserbadoreak ere egon dira, eta iradoki dute auzia Columbia Barrutiko Apelazio Gortera itzul dezaketela, Trumpen ekintzak publikoak edo pribatuak izan ziren zehazteko.

Horrela, Gorenak aldeen argudioak entzun ditu gaur, Donald Trumpek immunitate judiziala duen eta Kapitolioari egindako erasoaren inguruko epaiketa penala saihestu dezakeen argitzeko.

2016ko hauteskunde-kanpainan aktore porno baten isiltasuna erosteko agiriak faltsutzeagatik Trumpen aurka New Yorken egiten ari diren epaiketarekin batera egin da Goreneko audientzia.

Trumpi lau kargu penal leporatu dizkiote Washingtongo auzitegi federal batean, 2020an Joe Bidenen aurka galdu zituen hauteskundeak iraultzeko saiakeragatik eta 2021eko Kapitolioaren kontrako erasoa bultzatzeagatik, baina bere defentsak epaiketa bertan behera uztea eskatu zuen, presidente izateagatik buruzagi errepublikanoak immunitatea duela argudiatuta.

Kasua daraman epaileak eta Columbiako Barrutiko Apelazio Auzitegiak ez zuten eskaera onartu, eta Trumpek Gorenaren aurrean helegitea aurkeztu zuen, eta Auzitegiak otsailean tramitera onartu zuen errekurtsoa.

Ez dakite noiz emango duen Gorenak Trumpen immunitateari buruzko erabakia, baina ekainean argitaratu ohi ditu erabakiak, udako etenaldia baino lehen.

Fiskaltza presio egiten ari da erabaki azkar bat har dezan, martxoaren 4an hasi beharrekoa zen Kapitolioaren aurkako erasoaren epaiketa prestatzeko lanei lehenbailehen berriro ekin ahal izateko.

Trumpen estrategia, aldiz, prozesu judiziala azaroko hauteskundeak igaro arte luzatzea da; izan ere, Etxe Zurira itzuliz gero, Justizia Departamentuari bere kontrako auzi federalak ixtea agindu diezaioke.

Gorenean kontserbadoreek gehiengoa dute, eta Trumpek berak izendatu ditu bederatzi epaileetatik hiru. Auzitegi Gorenak hartuko duen erabakiak Washingtonen egiteke dagoen epaiketari ez ezik, Floridan duenari ere eragingo dio, dokumentu sekretuak ustez legez kanpo eramateagatik, eta Georgiakoari ere bai, hauteskundeak estatu horretan ustez iraultzen saiatzeagatik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump