Mundua -

Legegintzarako hauteskundeak

Independentistek irabazi dituzte Quebeceko hauteskundeak

Gizonezko bat Pauline Marois hautagai independentistaren aurka atentatua egiten saiatu da, eta pertsona bat hil du.

Pauline Marois buruzagi independentista, tiroketa hasi den unean. EITB
Pauline Marois buruzagi independentista, tiroketa hasi den unean. EITB
Atentatua Quebecen, Pauline Marois hauteskundeetako irabazlearen kontra

01:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quebeceko alderdi independentistak (PQ) irabazi ditu Kanadako lurralde horretako legegintzarako hauteskundeak, baina ez du gehiengo osoa lortu. Bestalde, hauteskunde eguna beltza izan da. Izan ere, gizon bat Pauline Marois buruzagi independentistaren aurka atentatua egiten saiatu da, eta pertsona bat hil du.

Independentistek botoen % 31,9 lortu dituzte, eta, ondorioz, 54 eserleku izango dituzte Asanblea Nazionalean (guztira 125 dira).

PQk aurreko hauteskundeetan baino hiru diputatu gehiago izango ditu, baina duela lau urte baino emaitza txarragoak jaso ditu. Hain zuzen ere, boto-emaileen % 35,1ek egin zuten haien alde orduan.

Orain arte agintean izan den Alderdi Liberala (federalista) izan da bigarren. Botoen % 31,2 eskuratu ditu, eta 50 eserleku izango ditu, hots, duela lau urte baino 16 gutxiago.

Ondoren Coalition Avenir Quebec alderdi nazionalista kontserbadorea izan da (botoen % 27: 19 eserleku), eta azkenik Quebec Solidaire ezkertiarra (botoen % 6: 2 diputatu).

Tragedia

Pauline Marois garaipena ospatzeko hitzaldia eskaintzen ari zen bitartean, 50 urteko gizonezko bat horren aurka atentatua egiten saiatu da, eta pertsona bat hil eta beste bat larri zauritu ditu. Handik gutxira, atxilotu egin dute.

Montrealeko Poliziaren arabera, gainera, gizonezkoak sute bat piztu du mitina hartzen ari zen eraikinaren kanpoaldean.

Marois Quebec independentea izango dela esaten ari zenean hasi da tiroka erasotzailea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea