Mundua -

Zientzia eta osasuna

Hil egin da duela bi hilabete genetikoki eraldatutako txerri baten giltzurruna transplantatu zioten gizona

Massachusettseko Ospitale Orokorrak jakitera eman duenez, ez dago heriotza transplantearen ondorioz gertatu dela esateko zantzurik. Gizonak 62 urte zituen.

Txerri baten giltzurrunarekin egindako transplante bat. Artxiboko argazkia: Joe Carrota
Txerri baten giltzurrunarekin egindako transplante bat. Artxiboko argazkia: Joe Carrota
Txerri baten giltzurrunarekin egindako transplante bat. Artxiboko argazkia: Joe Carrota

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Richard Slayman, genetikoki eraldatutako txerri baten giltzurruna transplantatu zioten lehen pertsona, 62 urte zituela hil da, xenotransplantea jaso eta ia bi hilabetera. Pazientearen familiak eta Massachusettseko Ospitale Nagusiak jakitera eman dutenez, atzo hil zen. Ospitaletik igorritako oharraren arabera, baina, ez dago zantzu nahikorik heriotza transplantearen erruz gertatu dela esateko.

Ezustekoa izan da. Izan ere, ebakuntzaren ostean, xenotransplanteak gutxienez bi urte irautea espero zutela iragarri zuten medikuek. 62 urteko pazienteak giltzurrunetako gaixotasun bat zeukan, fase terminalean, eta, hori dela eta, baiezkoa eman zion genetikoki eraldatutako txerri baten giltzurruna jasotzeari, lehendabizikoz, zientzia eta osasun arloan aukera berriak irekitzeko itxaropenez.

Martxoaren 16an egin zioten ebakuntza, eta lau ordu iraun zuen. "Lehen mailako mugarria da, gaixo daudenentzako organoak bilatzeko modu azkar bat izan baitaiteke", esan zuten orduan medikuek.

69 genoma aldatu zizkioten txerri giltzurrunari, CRISPR-Cas9 teknologia erabilita, kaltegarriak izan daitezkeen txerri geneen ordez giza geneak txertatzeko, hartzailearen gorputzak onar zitzan. Gainera, erretrobirus endogenoak desaktibatu zituzten, infekziorik egon ez zedin.

Massachusettseko eGenesis enpresak eman zion aipatu ospitaleari txerri emailea, transplanteetan eta animalien geneen aldaketan espezializatutako bioteknologia enpresak.

Slaymanek 2 motako diabetesa eta hipertentsioa izan zituen urte askoan. Horregatik, 2018an giltzurrunetako lehen transplantea egin behar izan zioten, baina handik bost urtera giltzurrun berriak arazoak eman zizkion, eta dialisira bueltatu behar izan zuen. Horrek arazo baskularrak ekarri zizkion, eta bi astetik behin ospitalera joan behar izaten zuen, azterketa medikoa egitera. Ebakuntza hori irtenbidea izateko itxaropena zuen, baina ez du zorterik izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak