Mundua -
Biodibertsitatea
Natura Lehengoratzeko Lege polemikoa onartu du behin betiko Europar Batasunak
Biodibertsitateari buruzko Europako lehen legearen alde bozkatu dute 20 Estatu kidek; Belgika abstenitu da; eta aurka bozkatu dute Finlandiak, Italiak, Hungariak, Herbehereak, Poloniak eta Suediak. Kaltetutako ekosistemen % 20 gutxienez 2030erako berreskuratzea du helburu lege horrek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europar Batasunak behin betiko onartu du Natura Lehengoratzeko Legea, Estatu kideak natura berreskuratzera behartzen duen Europako lehen araudia, azken unera arte ezustekoak izan dituen izapide zail baten ondoren. Legea bertan behera uzteko zorian egon da Hungaria, eta azken momentuan Austriaren baiezkoari esker, aurrera atera da araudia.
Biodibertsitateari buruzko Europako lehen legearen alde bozkatu dute 20 Estatu kidek; Belgika abstenitu da; eta aurka bozkatu dute Finlandiak, Italiak, Hungariak, Herbehereak, Poloniak eta Suediak, araudi berri horren gastu handia eta nekazal alorrean izango duen eragina argudiatuta.
Araudia jada negoziatuta eta hitzartuta zegoen Estatuen artean, baita Europako Parlamentuarekin ere, eta joan den otsaileko osoko bilkuran onartu zuten.
Teresa Ribera Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministroaren aburuz, "oso albiste ona da europar guztientzat, eta nazioarteko biodibertsitatearentzat ere". "Orain elkarrizketa eta laguntza adostu beharko dira, eta lehen sektorearekin konpromisoa lotu", gaineratu du.
Zer da Natura Lehengoratzeko Legea?
Natura Lehengoratzeko Legea 2022ko ekainean aurkeztu zuen Europako Batzordeak, eta horren helburua da kaltetutako ekosistemen % 20 gutxienez 2030erako lehengoratzea, eta % 100 2050erako, laborantzako lurrak barne.
Asmoa zen Nazio Batuek biodibertsitateari buruzko dituzten akordioekin bat egitea, baina testua agenda berdearen inguruko borroka ideologikoaren sinbolo bihurtu da, bereziki joan den ekainaren 9ko Europako hauteskundeak hurbildu ahala.
Erreakzioak
Bruselako Itun Berdearen defendatzaileek legearen onarpena txalotu dute. Terry Reintke Europako Ganberako Berdeen taldeko presidenteak "funtsezkotzat" jo du araudi berria, Europar Batasunak Parisko helburu klimatikoa bete ahal izateko.
Bestalde, Greenpeacek ere albistea ospatu du, "legea ahuldu arren, akordio honek itxaropen-izpi bat eskaintzen dielako Europako naturari, etorkizuneko belaunaldiei eta landa-komunitateei".