Mundua -
Palestina
Borrellek zigorrak jarri nahi dizkie Israelgo ministroei, Zisjordanian kolonoen indarkeria ahalbidetzeagatik
Azken urtean ehunka palestinar hil dira okupatutako Zisjordanian israeldarren erasoetan, batez ere kolonoak protagonista dituen erasoaldian.
Agentziak | EITB Media
Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri eta Segurtasun Gaietarako goi ordezkariak mahaigainean jarri du Israelgo Gobernuko kideei zigorrak ezartzea, kolonoak okupatutako Zisjordaniako herritarren aurka erabiltzen ari diren indarkeria ahalbidetzeagatik.
"Berretsi egiten dut EBk kolono bortitzen bideratzaileen aurka, Israelgo Gobernuko kide batzuk barne, zigorrak jartzeko proposamena aurkezteko asmoa", zabaldu du X sare sozialaren bidez.
Borrellek gaitzetsi egin du kolono israeldarrek Jit herrixkan palestinarren aurka egindako azken erasoa, bakea arriskuan jartzen duen Israelen indarkeriaren "zigorgabetasuna" islatzen duena. Makilak, su-armak eta molotov koktelak zeramatzaten ehun bat kolono israeldarrek palestinarrei masiboki eraso zieten Zisjordaniako iparraldeko herri batean, eta pertsona bat hil zuten. Herritarrak kexu dira Israelgo okupazio indarrek ez dituztelako babesten.
"Jit herrixkan kolonoek egindako erasoak gaitzesten ditugu. Eraso horien helburua zibil palestinarrak izutzea da. Egunez egun, ia erabateko zigorgabetasunean, kolono israeldarrek indarkeria elikatzen dute okupatutako Zisjordanian, eta bakerako edozein aukera arriskuan jartzen laguntzen dute", idatzi du.
"Ekintza onartezin horiek berehala amaitu behar dira", esan dio Borrellek Israelgo Gobernuari.
Aldez aurretik, Borrellek Itamar Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministroa kritikatu du, Meskiten Zabalguneko egungo urraketak defendatzeagatik eta palestinarrei laguntza eteteko deia egiteagatik, baita Bezalel Smotrich Finantza ministroa ere, bi milioi palestinar gosez hiltzen uzteko eskatu baitu. Kolonoak dira biak.
Nazioarteko Justizia Gorteak okupatutako lurraldeetako kolono guztiak erretiratzeko eskatu dio Israeli, kokaleku horiek legez kanpokoak baitira.
Zisjordania okupatuan azken bi hamarkadetako eraso israeldar bortitzenak azken hilabeteotan gertatu dira. 2024an, gutxienez 290 palestinar hil ditu Israelen indarkeriak, 70 adingabe barne, EFE agentziaren arabera. Iaz, 520 palestinar hil zituzten.
Israelen aldean, berriz, 21 pertsona hil dira: 11 uniformedun eta 10 zibil (5 kolono tartean).