Mundua -

Kritika anitz jaso ostean

New Yorkeko maratoia bertan behera, 'Sandy' urakanaren ondorioz

Rhode Islandeko zenbait gune "hondamendi eremu" izendatu du Barack Obama AEBetako presidenteak, "Sandy" urakanaren haizeteek eta euriteek egindako kalteengatik.

New Yorkeko maratoia bertan behera utzi dute. Argazkia: EFE
New Yorkeko maratoia bertan behera utzi dute. Argazkia: EFE
Sandy urakanak polemika ere ekarri du berarekin

02:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande honetarako aurreikusita zegoen New Yorkeko maratoia bertan behera utzi du hiri estatubatuar horren alkateak. Azken egunetan kritika ugari jaso ostean, kirol proba ez egitea erabaki du, "Sandy" ekaitzaren ondorioz, milioika estatubatuar argindarrik, urarik edo beroketa sistemarik gabe daudelako.

"Bertan behera uztea erabaki dugu", azaldu du Michael Bloomberg New Yorkeko alkateak. Igande honetarako 40.000 kirolzale espero ziren hirian. "Sandy"k New Yorken kalte handiak eragin bazituen ere, Bloomberg proba mantentzearen alde zegoen.

Azken egunetan herritarrek eta udal langileen sindikatuek gogor euren desadostasuna erakutsi dute, hiria hondakinetatik suspertzen saiatzen ari baita. Azkenean, Bloombergek amore eman du. "Ez dugu nahi kirol probaren edo partehartzaileen gainean susmo txarrik egotea", azaldu du alkateak.

'Sandy', New Yorken

Staten Islandetik abiatuta, lasterketak bost auzo igaro behar zituen, urakanak gehien astindu dituen zonaldeak, hain zuzen ere. Izan ere, bertan hil dira New Yorkeko herritar gehienak (guztira, 41 herritar).

"Nola da posible jendea hil den 800 metrotara lasterketa bat abiatzea?", galdetu du suminduta James Oddo Udaleko oposizio errepublikarreko buruak. Milaka lagun bertan dira oraindik ere, haien etxebizitzak garbitzen saiatzen edo hondakinen artean baliorik duen zer edo zer bilatzen.

Bloombergek gogoratu duenez, New Yorkeko atentatuak izan zirenean (2001ko irailaren 11an) ez zuten maratoia bertan behera utzi, hiriko susperketaren sinbolo gisa.

Metro zerbitzuaren % 80 berrezarri dute

New Yorkeko metro sareko zerbitzuaren % 80 berrezarri dute dagoeneko eta gainontzeko % 20 asteburuan zehar berrezartzen joango dira, Andrew Cuomo Estatuko gobernadoreak jakitera eman duenez.

Halaber, asteburu honetan 105 milioi litro gasolio iritsiko dira hirira, horietako 12 milioi Defentsa Sailak emandakoak izanda.

Rhode Island, "hondamendi eremua"

Etxe Zuriaren arabera, Rhode Islandeko zenbait gune "hondamendi eremu" izendatu du Barack Obama AEBetako presidenteak, "Sandy" urakanaren haizeteek eta euriteek egindako kalteengatik.

Leku bat "hondamendi eremu" izendatzearen ondorioz, tokiko gobernuek zein komunitateek Gobernu Federalaren funtsak, taldeak eta pertsonala erabili ditzake erreskate eta garbiketa lanetan.

106 hildako AEBetan

106 dira dagoeneko 'Sandy' urakanaren ondorioz AEBetan hildako pertsonak, CNN telebista kateak emandako azken informazioaren arabera. Karibea barne, hildakoen kopurua 175koa da.

'Sandy' urakanak eragindako txikizioari aurre egiteko orduan burokraziak ez duela oztoporik egingo azpimarratu du larunbatean Barack Obama AEBetako presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea