Mundua -
CIAko zuzendariaren dimisioa
Petraeusen dimisiotik, galdera eta espekulazioetara
Petraeusen ezusteko dimisioak sorpresa eragin du AEBetan eta segurtasun nazionalean izan ditzakeen ondorioak dira orain hizpide.
Erredakzioa
David Petraeus lau izarretako jeneral ohi eta CIAko zuzendariaren dimisioak espekulazioari bidea eman dio AEBetan, izan ere, bere biografoarekin, Paula Broadwellekin, izandako harremanak galdera asko airean utzi ditu eta oposizioak dagoeneko Bengaziko atentatuaren inguruan azalpenak emateko eskatu dio.
Irakeko eta Afganistaneko tropa estatubatuarren buruzagia heroitzat zuten, baina ostiralean Barack Obama presidenteari dimisioa emaneta gero, amaitutzat jo da bere ibilbide arrakastatsua.
AEBetako Inteligentzia Agentziako zuzendariaren dimisioa herrialdeko hauteskundeak egin eta egun gutxira gertatu da, eta honek galdera eta espekulazio ugari sortu ditu gune politikoetan, batik bat segurtasunean eta ustezko xantai baten inguruan.
Buruzagi kontserbadoreek dagoeneko Bengazi hirian AEBetako kontsulatuaren aurkako atentatuan Obamaren gobernuak izandako jokaera kritikatu dute eta erasoa nola eta zergatik gertatu zen ikertzeko eskatu dute.
Petreus eta Paula Broadwell biografoaren arteko harremanaren inguruan datu gutxi daude, baina eskandalua FBIk atera zuen argitara, erretiroa hartuta zuen jeneralaren eta maitalearen arteko posta elektronikok gainbegiratzen hasi zirenean.
Chris Stevens enbaxadorea eta beste hiru funtzionario joan den irailaren 11ko atentatuan hil eta gero, erantzukizunik ez emateko eman duela dimisioa diote Kongresuko hainbat buruzagi errepublikarrek. Hala ere, Mark Kimmit Aramadaren jeneral ohiak CNN katean esan duenez, ez dago konspirazio baten zantzurik eta ikerketak "zehaztuko ditu gertaerak".