Mundua -
'Eztabaida nazionala'
Egiptoko Konstituzioa berresteko referenduma deitu du Mursik
Hitzordua datorren abenduaren 15ean izango da. Halaber, Egiptoko presidenteak "eztabaida nazionalean" parte hartzeko deia luzatu die indar politiko guztiei.
Erredakzioa
Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak Batzar Konstituziogileak egindako Konstituzioaren proiektua berresteko referenduma deitu du datorren abenduaren 15erako.
Halaber, "eztabaida nazionalean" parte hartzeko deia luzatu die indar politiko guztiei. "Herrialdearen kezkei buruzko eztabaida nazional serioa egiteko asmoa berritu nahi dut, transizio epe honi ahalik eta lasterren ixteko eta jaioberriko demokrazia bermatu ahal izateko", azpimarratu du Mursik.
"Egiptoko historian garai berriari eustea nahi dut, gure herrialde maitearentzako etorkizun zoragarri bati (...) Gaurkoa oso garrantzitsua da, egiptoar guztien askatasunak, eskubideak eta duintasuna bermatzen duen konstituzioa delako, urtarrilaren 25eko Iraultzan jaio zena", adierazi du.
Ez du aniztasunik islatzen
Hala ere, Konstituzioaren testuak kritika anitz jaso ditu. Izan ere, talde kristau, laizista eta liberalen arabera, Batzar Konstituziogileak bere irizpidea nagusitu du eta ondorioz, testuak ez du Egiptoko aniztasuna islatzen.
Talde hauek Batzar Konstituziogilea utzi zuten ostiral honetan azken proiektua onartu baino lehen. "Hauei zera esan nahi diet", esan du Mursik, "lan handia egin duzue. Zuen ahaleginak eskertzen dizkizuegu, ez ditugu ahaztuko".