Osasuna eta ongizatea -
Nafarroa
Nafarroako Osasun Publikoaren Plan berriaren helburua da bizi-kalitatea hobetzea, ekitatea ardatz hartuta
Planak hainbat jarduera-ardatz ditu hainbat arlotan, hala nola osasunaren sustapenean, prebentzioan, detekzio goiztiarrean, epidemiologian, ingurumen-osasunean, elikagaien segurtasunean.
AGENTZIAK |EITB MEDIA
Santos Indurain Osasun kontseilariak 2022-2025 aldirako Osasun Publikoaren plangintza aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Plangintza horren helburua biztanleen bizi-kalitatea hobetzea da, eta, horretarako, ekitatea izango du ardatzetako bat, faktore sozioekonomikoengatiko desberdintasunak eragozteko.
Indurainek adierazi duenez, Planak hainbat jarduera-ardatz ditu hainbat arlotan, hala nola osasunaren sustapenean, prebentzioan, detekzio goiztiarrean, epidemiologian, ingurumen-osasunean, elikagaien segurtasunean eta lan-osasunean, eta Nafarroa itxaropenari eta bizi-kalitateari dagokionez lehen erkidegoen artean sendotzea bilatzen du.
Plana ziurgabetasun sanitario eta sozioekonomikoko egoera batean egin da. Espainiako eta Europako estrategiak hartzen ditu kontuan, hala nola Osasun Sistema Nazionalaren osasun publikoaren zaintza eta EBko gaixotasun ez-kutsakorren zaintza (kardiobaskularrak, arnasketa kronikoak, diabetesa, osasun mentala, nahasmendu neurologikoak eta minbizia).
Laneko osasunaren prebentzioa, drogen eta bestelako adikzioen prebentzioa, ijito-komunitatearen osasunaren sustapena, GIBaren prebentzioa edo zahartze aktiboa ere helburu estrategikoak dira, eta erakundearteko eta gizarteko ekintza batean koordinatu behar dira. Horretarako, diziplinarteko lantaldeak behar dira, esperientzia duten profesional asko erretirora iristen ari diren eta profil berriak sartu nahi diren une honetan.
Halaber, bere iritziz, garrantzitsuak dira laguntza teknologikoko prozesuak, etengabeko prestakuntza, ikerketa eta lanbide-heziketa.