Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Kritika gogorrak Glasgowko Akordioari (COP26)

FELIPE ETXEBARRIA | EITB Media

FELIPE ETXEBARRIA | EITB Media

COP26 goi-bileran parte hartu duten 200 herrialdeek lurraren berotzearen aurkako borroka azkartzea adostu dute. Hala ere, ez dute tenperaturen igoera 1,5º C gradura mugatzeko ezer bermatu eta ez zaie herrialde txiroenen eskaerei erantzun.

Albisteak (1)

COP26 goi-bileran parte hartu duten 200 herrialdeek lurraren beroketaren aurkako borroka azkartzea adostu dute. Baina ez dute tenperaturen igoera 1,5º C gradura mugatzeko ezer egin. Herrialde pobreenen eskaerei ere ez zaie erantzun. Alok Sharma konferentziako presidentea ere sakonki dezepzionatuta azaldu da, konferentziak onartutako azken agiriagatik.

Antonio Guterres, Nazio Batuetako idazkari nagusiak, hitzarmenaren ahultasuna azpimarratu du eta ohartarazi duenez, "klima hondamendia atera deika ari da". Horrez gain, borondate politiko eza deitoratu du. Lortu ez diren helburuak azaldu ditu: herrialde pobreenei laguntzak, erregai fosilak, ikatzaren amaiera ez eta karbonoaren prezioa.

Greenpeace taldearentzat "hitzarmen hau bigunegia eta ahula da. Eta 1,5º C gradura lurraren beroketa mantentzeko helburua ez da ia eusten. Baina ikatzari amaiera jartzeko seinale bat dago".

Agiriak lehen aldiz lurraren beroketaren arrazoia diren erregai fosilak aipatzen ditu.

Parisko akordioetan ez ziren aipatu ere egiten. Baina konpromisoa murrizteko azken idatzia bigundu egin da Txinak eta Indiak eskatuta.     

Laguntzen atal polemikoan, herrialde pobreak negoziaketak errailetik ateratzear egon dira. Atsekabetuta herrialde aberatsek ez dutelako 2020tik urtero 100.000 miloi dolarretako finantzaketa emateko promesa bete. Dagoeneko jasan dituzten kalteengatik laguntza eskatu dute herrialde pobreek. Baina herrialde aberatsek, AEB buru dela, kontra azaldu dira, horrek ekar zezakeen legezko ondorioengatik. Atsekabetuta izan arren herrialde pobreek amore eman dute, elkarrizketek jarraipena izan dezaten, eta orain arteko lorpenak galdu ez daitezen.

Klimaren aldeko gazteen mugimendua gidatzen duen Greta Thunberg suediarra oso gogor azaldu da COP 26 goi-bileraren emaitza salatzerakoan,  berriz "bla, bla, bla" soila baino ez da izan, bere ustez. Azaldu duenez, "benetako lana areto horretatik kanpo hasiko da. Eta guk ez dugu sekula, sekula etsiko" idatzi du Twitterren.   

Izan ere, Glasgowko azken hitzarmena ez da legez loteslea inorentzat. Helburuak errebisatzeko eta indartzeko baino ez da eskatzen.