Mundua -

COP26

'Glasgowko Pakete Klimatikoa': akordioaren gakoak

Glasgowko klimaren goi bilera gutxiengoen inguruko akordioa eginez amaitu da. Herrialde garatuek bikoiztu egingo dituzte nazio txiroenei ematen dizkieten laguntzak eta ikatzaren kontsumoa gutxitu beharko dute pixkanaka.

Alok Sharma, COP26ko presidentea. Argazkia: EFE
Alok Sharma, COP26ko presidentea.
Txinari eta Indiari azalpenak eskatu dizkie Glasgowko gailurraren presidenteak

1:42

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan Glasgown egin duten Nazio Batuen Klima Aldaketaren Konferentzia (COP26) gutxiengoen inguruko akordioa eginez amaitu da. Testuan, ikatza uzteko deia egiten zaie mundu osoko herrialdeei, lehen aldiz, eta berretsita geratu da mende amaieran tenperatura gehienez 1,5 gradu igotzeko muga lortzeko helburua.

"Glasgowko Pakete Klimatikoa" itxiko ote zen ez da argi egon azken minutura arte. Izan ere, India eta Txina ez zeuden testuan erabiltzen zen hizkerarekin ados eta ikatza "gradualki desagertzea" terminoa "gradualki gutxitzea" adieragatik aldatu dute. Aldaketa horrek haserrea eragin du Europar Batasunean eta herrialde zaurgarrietan.

Alok Sharma, COP26ko presidentea, munduan barna ibili da azken urtean, gobernuek klimaren aldeko konpromisoak har zitzaten, eta amaiera interbentzioan hunkituta agertu da Indiak azken unean sartutako emendakinak bere akordio proposamena zapuzten zuela ikusita.

Hauek dira gako nagusiak:

- Onartutako testuak erregai fosilentzako diru laguntza ez eraginkorrak amaitzeko deia egiten du, eta herrialdeei eskatzen die negutegi efektua sortzen duten gasen emisioa murrizteko 2030erako, beroketa mugatu, eta 1,5 graduko gehienezko igoera lortzeko.

- 2030erako emisioak murrizteko planak indartzera ere konprometitu dira herrialdeak, baita konpromiso berri horiek aurkeztera ere Sharm El Sheikhen (Egipto) egingo den datorren urteko COP27an.

- Herrialde garatuak, gainera, bikoiztu egin beharko dituzte 2025erako, garapen bidean diren herrialdeei klima aldaketara egokitzeko, 2019an emango zizkietela agindu zizkieten diru-laguntzak. Gainera, karbono merkatuaren inguruan Parisen egin zuten arau liburuaren hainbat gako erabat itxita uztea lortu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nazioartea Europa Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Larrialdi klimatikoa Energia berriztagarriak NBEren klimari buruzko goi-bilera