Bake prozesua -
Adierazpenak
Bake prozesurako Batzordeak urte berriarekin ekingo dio lanari
Paul Rios Lokarriren koordinatzailearen ustez, EPPKren azken adierazpena "positiboa" da; eragile politiko eta sozial guztiekin hitz egiteko kolektiboaren apustua nabarmendu du.
Erredakzioa
Paul Riosek baieztatu du Lokarrik, berak koordinatzen duen entitateak, eta Bake Bideak Euskal Herriko bake prozesua bultzateko abiatutako Batzordeak urte berriarekin batera ekingo diola lanari. ETBn izandako elkarrizketa batean, Riosek "positibotzat" jo du EPPKren azken adierazpena; eragile politiko eta sozial guztiekin hitz egiteko kolektiboaren apustua nabarmendu nahi izan du.
Riosek aipatutako Batzordearen helburua bakea oso zuhur erraztea izango da. Taldea joan den astean aurkeztu zuen Foro Sozialak, Lokarriren eta Bake Bideaken ekimenak, eta zortzi kidek osatuko dute.
Paul Riosen esanetan, EPPK-k, larunbatean hedatutako adierazpenean, argi utzi du eragile politiko eta sozialekin hitz egiteko duen borondatea, eta horrek, bere iritziz, elkargune berriak sortzeko aukera zabaldu egiten du. Rios pozik azaldu da EPPK-k Foro Sozialaren gomendioei erantzun dielako eta azpimarratu du, halaber, nolako garrantzia izango lukeen ETAk desarmearen aldeko balizko apustua egitea, prozesua sendotzeko.
Lokarriren koordinatzaileak uste du oso interesgarria izango litzatekeela Parot Doktrinak eragindako presoek ere bake prozesua bultzateko eta indarkeriaren biktimei euren enpatia erakusteko asmoa azaltzea. Larunbat honetan egingo dute ekitaldi bat azken asteetan kartzelatik irten diren presoek.