Bake prozesua -

Bake prozesua

Adiskidetze agerraldia, Madrilen

Rosa Rodero ETAren biktima, Asun Lasa GALen biktima eta Josean Fernandez  ETAko kide ohia Madrilgo parrokia batean bildu ziren, eta elkarrekin bakearen aldeko urratsak eskatu zituzten.

Biktima bik eta ETAko kide ohi batek adiskidetze agerraldia egin dute

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko bi biktimaren ( ETAko eta GALeko biktima bana), eta ETAko kide ohi baten adiskidetze agerraldia egin zuten atzo, ostirala, estreinakoz Madrilen, Vallecas auzoko eliza batean.

Madrilgo San Carlos Borromeo parrokian bildu ziren Rosa Rodero (Joseba Goikoetxearen alarguna), ETAren biktima; Asun Lasa (Joxean Lasaren arreba), GALen biktima; eta Josean Fernandez, ETAko kide ohia. Euren gogoetak eta esperientziak partekatu zituzten topaketa hauetan. Jendartean, besteak beste, Carrero Blanco militarraren iloba bat egon zen.

Hiru hizlariek trabak kendu eta urratsak emateko eskatu zuten, bake prozesuak aurrera egin dezan. Bertan batutako herritarrek eskertu egin zieten eurentzat berria zen  errealitatea erakutsi izana.

Goikoetxearen alargunak prozesuari bultzada bat eman behar zaiola adierazi zuen, amaiera ahalik eta lasterren heltzeko. "Honek ez dauka atzera bueltarik, baina porrota eragin dezakeenik badago. ETAko kideek bakerako pausoak ematen dituzten bitartean, Gobernuak ez du ezer egiten", esan zuen El Pais egunkariaren arabera.

Bestalde, Asun Lasaren hitzetan, "ETAk zein GALek min handia eragin zuten; GALek diru publikoa erabilita. Gure malkoak berdinak dira, eta min horretatik abiatuta aurrerapauso handia eman genezake. Beste biktimekin batzea nire bizitzan egin dudan gauza garrantzitsuena da".

Fernández etakide ohiaren ustean, damutzeak eta barkamenak ez dute ekarpenik egingo. "Zer aldatuko da esaten 'damutzen naiz' esanda?  Zinikoa litzateke, egindakoa egin nituenean jakinaren gainean egin nuen eta. Ez nuen zalantzarik izan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea