Bake prozesua -
Elkarrizketa
'ETAren amaieran erakundeek lidergoa izatea faltan botatzen dut'
Arantza Quiroga PPko Euskadiko presidenteak esan duenez, "biktimak anitzak dira; garrantzitsuena haiengana hurbiltzea da, haien sentimenduekiko errespetu handia izanda".
Erredakzioa
Arantza Quiroga PPko Euskadiko presidentearen esanetan, "faltan botatzen dut erakundeak ETAren terrorismoaren amaieraren buru egotea". Hori dela eta, alderdi demokratikoen "aurrerapausoa" eskatu du, "min handiena egin dutenek jazotakoa idatzi ez dezaten".
Mariano Rajoy Gobernuko presidentearen papera, "legea betetzearekin batera, akordioak lotzea da, eta alderdi eta erakundeen artean topaguneak sortzea", Quirogak faltan botatzen duen lidergo hori bereganatu ahal izateko.
"Politikan uneak bilatu behar dira, eta Gobernu horrek lan hori abiatuko duelakoan nago", azpimarratu du EFEri eskainitako elkarrizketan.
Biktima anitzak
Quirogaren esanetan, "erakunde-lidergo horrek legitimazioa kendu behar dio terrorismoari, eta ETAri behin betikoz desegiteko eskatu behar dio".
"Une honetan lider izateak espetxe-politikaren auzian neurriak hartu behar izatea dakarrela uste dute hainbatek, tartean, lehendariak berak, horren lehentasuna presoen hurbilketa delako", adierazi du Quirogak. "Premiazkoa orain ETA desegitea da, eta baita ETAk egindako mina ezker abertzaleak aitortzea ere", azpimarratu du.
"Barkaezina izango litzateke ETAren munduarekin lotutakoei azken urteetako Euskadiko historia idazten uztea, hori dela eta, aurrerapausoa eman behar dugu eta une honen buru izan behar gara", adierazi du.
Halaber, biktimak ere aintzat hartu ditu. Hoiekin arazoak ez dituela argitu du, biktimen hainbat elkartek PP salatu duten arren. "Biktimak anitzak dira; garrantzitsuena haiengana hurbiltzea da, baina paternalismoa alde batera utzita, haien sentimenduekiko errespetu handia izatea", esan du Quirogak, "eskatzen dutena eman behar diegu: justizia, hain zuzen ere".