Barcenas auzia -

Barcenas auzia

Iglesiasek paktu bat proposatu zion Barcenasi, isilik geldi zedin

PPko diruzain ohiak 1990etik 2008ra arte alderdiak izan zuen kontabilitate ezkutuaren dokumentu originalak aurkeztuko ditu gaur, 10:30ean.

Luis Barcenas, artxiboko irudian. Argazkia: EITB.
Luis Barcenas, artxiboko irudian. Argazkia: EITB.
Luis Barcenas, artxiboko irudian. Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Iglesias Redondo abokatuak, PPko agintariek estimu handitan duten pertsona batek, paktu bat proposatu zion Luis Barcenasi, 1990etik 2008ra arte alderdian izan zuten kontabilitate ezkutuaren dokumentu originalak aurkeztu ez zitzan, El Mundo egunkariak gaur jakinarazi duenez. "Hitz egiten baduzu, zure emaztea kartzelara joango da. Isilik bazaude, Alberto Ruiz-Gallardón oporren aurretiko Ministro Kontseiluan kargugabetuko dute, eta zure auzia irailean artxibatuko da, baliogabetzat jota". Abokatuak mezu hori helarazi zion PPko diruzain ohiari duela astebete, Soto del Realeko kartzelan, "alderdiaren izenean".

Miguel Duranek proposamen berdintsua egin zion, baina oraingoan "Mariano Rajoyren izenean". Tratu penal ona; auzia baliogabetzat jotzea; Justizian Gallardon aldatzea, Fiskaltza kontrolatu ahal izateko; Rosalia Iglesias salbuestea, eta "semea lasai utzi" egingo zutela agindu zion Barcenasi horrek. Horrekin batera, azken gauza bat eskatu zion: diruzain ohiak Ruz epailearen aurreko gaurko agerpena atzeratzea eskatzea, denbora lortzeko eta horrek hitza jan eta dena gezurtatzeko.

Hala ere, Barcenasek ez du atzeratzea eskatu, eta, gaur, PPren azken hogei urteetako kontabilitate ezkutuaren ehunka dokumentu original aurkeztuko dizkio Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari.

Barcenasekin ezer hitzartu izana ukatu dute

Miguel Duran eta Javier Iglesias abokatuek Luis Barcenas kartzelan alderdiaren mezu bat helarazteko bisitatu izana ukatu dute.

Lehenengoak adierazi duenez, bi aldiz bisitatu zuen Barcenas Soto del Real espetxean, berak eta bere familiak hala eskatuta, eta, horietan, PPko diruzain ohiari abokaturik gabe egon zen egunetan laguntza "profesionala eta morala" eskaintzera mugatu zela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea