Politika -

Gürtel auzia

Barcenasen abokatuek horren defentsari uko egin diote

Diruzain ohiak PP 20 urtez legez kanpo finantzatu dela baieztatzen duen elkarrizketa bat kaleratu ostean egin diote uko.

Luis Barcenas, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Luis Barcenas, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Luis Barcenas, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Bajo eta Alfonso Trallero Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren abokatuek defentsari uko egin diote, "desadostasun profesionalengatik", Alfonso Trallero abokatuak azaldu duenez.

Trallerok gaur goizean aurkeztu du Barcenasen defentsari uko egiten diola azaltzen duen idazkia Auzitegi Nazionalean.

Idazkia aurkeztu baino lehen, abokatua Soto del Real espetxera joan da Barcenasi erabakia aurrez aurre azaltzeko. PPko diruzain ohia bertan espetxeratu zuten duela hamabi egun.

Abokatuak lau urtez aritu dira Barcenasen defentsan, 2009an Gürtel auzian inputatu zutenetik. Oraingoz, PPren diruzain ohiak ez du abokatu berririk.

Trallerok eta Bajok Barcenas defendatzeari uko egin diote, El Mundo egunkariak publikatu duen elkarrizketa batean diruzain ohiak PP hogei urtez legez kanpo finantzatu dela baieztatu eta gero.

Horretan, egunkariaren zuzendariak azaltzen duenez, Barcenasek alderdi horren ustezko finantzazio ilegal batean parte hartu zuela aitortu zion, espetxeratu baino egun batzuk lehenago egindako elkarrizketa batean.

"Luis Barcenasek azaldu zidanez, azken 20 urteetan PP modu ilegalean finantzatu da. Eraikitzaileen eta bestelako enpresarien dirua jaso zuen, eta, horren truke, horiek adjudikazioak edo kontratuak jasotzen zituzten alderdi horrek gobernatzen zituen administrazioetatik", baieztatu du Pedro J. Ramirez, El Mundo egunkariko zuzendariak.

Cospedalek alderdia "lasai" dagoela baieztatu du

Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak baieztatu duenez, alderdian "lasai" daude, ez baitago "legez kanpoko ezer" bere finantzazioan, eta Luis Barcenasek esandakoa "oso faltsua" dela esan du.

Haren hitzetan, PPko abokatuak El Pais egunkariari jarritako salaketa beste hedabide batera ere (El Mundo) hedatzea aztertzen ari dira, "gai berbera delako, baina beste modu batean kontatuta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea