Barcenas auzia -
EAJko presidentea
Ortuzar: 'PP bere trikimailuen biktima izaten ari da Barcenas auzian'
Ortuzarren iritziz, "horrelako egoeretan, beti egoten da egia politiko bat, egia judizial bat eta, azkenik, publikatzen den egia bat, eta batzuetan ez dute bat egiten".
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJko presidentearen ustez, "PP bere trikimailuen biktima' izaten ari dela Barcenas auzian, "denbora luzez gauzak ezkutatzen eta begi bistakoak direnak ezeztatzen ari baita".
Onda Vascari eginiko adierazpenetan, Mariano Rajoy Gobernuko presidentea "gertakizunen atzetik" doala nabarmendu du EAJko presidenteak, "ebidentziak begi bistakoak direnean edota erremediorik ez duenean erreakzionatzen baitu soilik".
"Duela bi hilabete ezin hobea eta guztiz garbia zen zerbait, atzo PPren gestio akats bezala erakutsi ziguten", adierazi du Ortuzarrek.
Haren iritziz, "horrelako egoerak izaten direnean, beti dago egi politiko bat, egi judizial bat, eta, azkenik, publikatzen den egia bat, eta batzutan ez dute bat egiten, egi batzuk besteak baino urrunago hel daitezkeelako".
"Badirudi, gutxienez, PPk nahaspila handia izan duela bere dirua gestionatzeko orduan. Hainbeste edukita... Gutxi dugunontzat eta alderdiaren finantzak familiakoak bezala gestionatu behar ditugunontzat, ezinezkoa da horrelakoak gertatzea", ziurtatu du.
Gaur Cospedalek deklaratuko du
Atzo Francisco Alvarez-Cascos eta Javier Arenas PPren idazkari nagusi ohiek alderdiak ezkutuko diru-kutxak izan zituela ukatu ostean, gaur Maria Dolores de Cospedal egungo idazkari nagusiak deklaratuko du ustezko B kontabilitatearen auziaren baitan, Ruz epailearen aurrean. Deklarazioa 10:00etan hasiko da Madrilgo Auzitegi Nazionalean.
Fiskaltzak Cospedalen galdeketari bakarrik eman zion oniritzia, baina Ruz epaileak Arenas eta Alvarez Cascos deitzea justifikatu zuen, alderdiaren agintean zeudenean ere ustezko B kontabilitatea eman zelako. Ruzen hitzetan, Arenas eta Cascosen deklarazioa "egokia, baliagarria eta beharrezkoa" da, gertatutakoa argitzeko garaian.