Politika -
Heriotza
Patxi Ezkiaga EAJren GBBko burukide ohia zendu da
Buruzagi jeltzalea Joseba Egibarren "oso gertukoa" zen. Gaur egingo dute hileta-elizkizuna, Tolosan.
Erredakzioa
Patxi Ezkiaga Ormazabal EAJko GBBren burukide ohia hil egin da astelehen honetan, 55 urte zituela. Buruzagi jeltzalea gaixotasun larri bat jota zegoen, eta, horregatik, politikatik aldendu egin behar izan zen duela hilabete batzuk.
Hileta-elizkizuna gaur egingo dute, 19:00etan, Tolosako Santa Maria elizan.
GBBtik azaldu dutenez, Ezkiaga Ormazabal zena Joseba Egibar GBBko presidentearen "oso gertukoa" zen, 1986. urtean EA alderdi jeltzaletik bereizi zenetik.
Ezkiaga EGIren lurralde batzordeko kide izan zen 1978.etik 1984.era. EA bereizi zenean, EAJren Batzar Nazionaleko ordezkari zen. 1998.ean, GBBko burukide egin zen, eta 2000. urtea arte izan zen karguan. 2004. urtean, Egibar itzuli egin zenean hain zuzen ere, Ezkiaga berriz ere egin zen burukide.
Gainera, kargu publikoak ere izan ditu: Gazteria zuzendaria izan zen Jose Antonio Ardanzaren Eusko Jaurlaritzan, eta Tolosako zinegotzi 1991.etik 1999.era.
Ezkiaga ezkonduta zegoen eta hiru alaba zituen.