Politika -
'Ebazpen plan integrala'
Ezker abertzaleak iraganari uko egiten ez diola esan du Etxeberriak
Batasuna zenaren arduradunak azaldu duenez, ezker abertzalea Legebiltzarrean eta bertatik kanpo lan egiteko prest dago bakea bermatzeko "ebazpen plan integral bat" egiteko.
Erredakzioa
Rufi Etxeberria Batasuna zenaren arduradunak adierazi duenaren arabera, ezker abertzalea Legebiltzarrean eta bertatik kanpo lan egiteko prest dago bakea bermatzeko "ebazpen plan integral bat" egiteko. Hala ere, ezker abertzaleak iraganari uko egiten ez diola esan du.
Onda Vascan eskaini duen elkarrizketa batean azaldu duenez, ezker abertzaleak, "beste alderdi politikoek bezala, iragan bat du", baina duela hiru urte azterketa egin zuten_ eta "Zutik Euskal Herria" dokumentuan indarkeria desagertzearen alde egingo zuela erabaki zuten.
Hala ere, ezker abertzaleak jokabide "zuzenak eta okerrak" izan dituen arren, "ez dio iraganari uko egiten".
Etxeberriaren arabera, EH Bilduk lan egingo du Legebiltzarrean bakea bilatzeko, baina "erakundeetatik kanpo beste ekimen batzuk" egitearen alde ere egin du.
Batasuna zenaren agintariaren aburuz, lan horrek "ebazpen plan integral bat" eragin beharko luke, eta "gai politikoak" eta gatazkaren ondorioak" aztertu beharko lituzke.