Politika -

Auzitegien erabakia

Ertzain bati 'zipayo' deitzea ez da delitua, epai baten arabera

Adierazpen askatasunak bermatutako ''kritika'' dela jasotzen du testuak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila ''harrituta'' agertu da epaitegiek hartutako erabakiarekin.

Ertzaintza
Ertzaintza
Ertzaintza

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzain bati 'zipayo' deitzea ez da irain delitu bat, ezta ordena publikoaren kontrako falta ere, Arabako Lurralde Auzitegiko bigarren sekzioak kaleratu duen ebazpenaren arabera. Testu horretan jasotzen denez, adierazpen askatasunak bermatutako ''kritika'' da.

Hala, Arabako Lurralde Auzitegiak berretsi egin du Amurrioko epaitegiak auzia artxibatzeko hartutako erabakia, eta atzera bota du erabaki horren kontra Fiskaltzak jarritako helegitea.

Apirilaren 18an Amurrioko Tubos Reunidos enpresa inguruetan piztutako liskarrek eragin dute auzia. Greba eguna zuten langileek, eta protesta egiteko deitutako elkarretaratzean istiluak piztu ziren Ertzaintzarekin. Bi langile atxilotu zituzten, eta beste bi inputatu. Halaber, langile bat eta hiru ertzain arin zauritu ziren.

Handik gutxira, manifestarietako batek bideo bat plazaratu zuen interneten, ''Ertzaintzaren jarduna kritikatuz'', epaiaren arabera. ''Kritika horretan une jakin batean ''zipayo'' hitza erabili zuen ertzainei aipamen egiteko'', testuak azaltzen duenez.

Bideoa hedatu ondoren, Ertzaintzak polizia argiketa aurkeztu zuen Amurriko epaitegian, irain delitua izan zitekeela iritzita. Epaileak, aldiz, akusatuak ''zipayo' hitza erabiliz kritikatzeko asmoa'' zuela ebatzi zuen, eta, epailearen ustez, ez zuen ''Ertzaintzaren izena zikindu nahi''.

Orain, Arabako Lurralde Auzitegiak Amurriko epaitegiarekin bat egin du, eta ''langilearen asmoa Ertzaintzaren jarduna dela-eta bere atsekabea adieraztea'' zela adierazi du. (Langilearen) adierazpen batzuk ''iraingarriak'' izan daitezkeela onartzen du testuak, baina ''hori ez da nahikoa gailentzen den adierazpen askatasuna behekoz gora jartzeko''.

Segurtasun Sailaren erreakzioa

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila ''harrituta'' agertu da Arabako Lurralde Auzitegiak kaleratutako erabakiarekin, eta, ohar baten bidez iragarri dutenez, epaia aztertzen ari dira Jaurlaritzako zerbitzu juridikoak.

Estefania Beltran de Heredia izendatu berri duten sailburuaren hitzetan, ''epaiei beti men egin behar bazaie ere, zenbait kasutan ulertezinak izan daitezke erabaki horiek herritarrentzat, Zuzenbide Estatu batean denontzat gaitzesgarri izan daitezkeen jarrerak berma ditzaketelako''.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea