Politika -
Ez dago alderdiarekin ados
Perez Gabarain Andoaingo alkate ohiak PSE-EE utzi du
Andoaingo alkate ohiak alderdia utzi du "barne demokrazia ezagatik eta Bilduri ematen zaion oxigenoagatik".
Erredakzioa
Jose Antonio Perez Gabarain Andoaingo alkate ohiak PSE-EE utzi du. 1993az geroztik alderdiko militante izan da eta "barne demokrazia eza eta Bilduri ematen zaion oxigenoa" argudiatu ditu erabakiaren berri ematerakoan.
"Gobernatzeko erarekin ez nator bat, eta, politika uzteaz gain, PSE-EEko militantzia utziko dut. Alderdiak ez nauela ordezkatzen sentitzen dut", esan du El Mundo egunkariak argitaratu duen eskutitza batean.
Bertan, Perez Gabarainek ezker abertzaleari "oxigenoa" ematzea egozten dio PSE-EEri Gipuzkoako Aldundian eurekin negoziatzeagatik. Halaber, Udaletan "betiko komisario politikoek agintzen" jarraitzen dutela kritikatu du, "herrialdea egonkortzeko ibilbide demokratikoa egin ez dutenek". "Terrorismoarekin amaitzeko eta bakea finkatzeko zuzenbidezko estatua, giza-eskubideak eta legea errespetatu behar dira", adierazi du.
Gizarteratu nahi duten presoei laguntzearen alde azaldu da Gabarain, baina eszeptiko, espetxean urte asko daramatenekin, "horiek ez baitira aldatuko". Horregatik, "legea zorrotz ezarri behar da", argudiatu du.
Agurrean, "jende asko umildu" dela ohartarazi du. "Alderdiarengatik dena eman dutenak, bizia arriskuan jarri ere egin dutenak, baztertu egiten dituzte, eta inoiz ezer egin ez dutenak saritu".
Azkenik, alderdiarekin etsita dagoela esan du "alderdiaren diktadurarengatik". "Egitura zaharkituta dago eta aginduak dira nagusi. Apetaz egin dira aukeraketak eta protesta eginez gero, ez zara argazkian ateratzen", azaldu du.
Horrengatik guztiagatik, karguak berritzeko eta zerrenda irekiak egiteko aldarrikatu du. "Jende asko entzun behar da eta erabakiak behetik gora hartu behar dira; ez orain egiten den bezala", azpimarratu du.