Politika -

Nafarroako Kutxa

CAN auzian erantzukizunak eskatu ditu ezker abertzaleak

Barcinak Nafarroako Kutxako gobernu organoak disolbatu ostean, erabakia "ordezkari politiko bat baino, kazike baten jokaera" dirudiela salatu dute ezker abertzaleko bozeramaileek.

Txelui Moreno ezker abertzaleko bozeramailea. Argazkia: EFE
Txelui Moreno ezker abertzaleko bozeramailea. Argazkia: EFE
Txelui Moreno ezker abertzaleko bozeramailea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Kutxan jazotakoa argitzeko eta erantzukizun penal eta politikoak eskatzeko "ikerketa sakona" eskatu du Txelui Moreno ezker abertzaleko bozeramaileak, gertatutakoa ezin daitekeelako "lurperatuta geratu". Iruñean eskainitako prentsaurrekoan Maitane Intxaurra ere izan da.

Yolanda Barcinak Nafarroako Kutxako gobernu organoak "kolpe batez" disolbatu eta fundazioaren estatutu berriak egiteko batzorde kudeatzaile bat "apetaz" aukeratu ostean, "ordezkari politiko baten erabakia baino, kazike baten jokaera" dirudiela salatu du Morenok.

"Nafarroako Parlamentuaren ezkutuan erabaki honen asmo iluna zein izango ote den galdetzen diot nire buruari", esan du Morenok.

Demokraziaren aurkako izaera

"Nafarroako Kutxako estatutuek duten demokraziaren aurkako izaera salatu du beti ezker abertzaleak", azpimarratu du Morenok, "ezker abertzalea bera gobernu-organotik kanpo uzteko asmoz".

Bestalde, CANen jazotakoa eta Santiago Cervera diputatu ohiaren eta Jesus Pejenaute kontseilari ohiaren auziak argitzeko ikerketa-batzordeak sortzea errefusatu dute UPNk eta PSNk. "Gertatutakoa, kudeaketa okerra eta milioi askoko inbertsioak lurperatu nahi dutela erakusten du horrek", salatu du Morenok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea