Politika -
Euskal Selekzioa – Bolivia
PSE-EE 'irmo' arituko da Anoetako istiluen erantzukizunak eskatzean
"Ez du oso zentzuzkoa ematen gertaera ikaragarri haiek jaia izan zirela esan eta aldarrikapen ekitalditzat hartzea", azaldu du Jose Antonio Pastorrek.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak iragarri egin du sozialistek "zentzuz" eta "irmo" jokatuko dutela Anoestako furbol zelaian abenduaren 29an izandako istiluen inguruan "erantzukizuna exijitzean".
Egun hartan, eta Euskal Selekzioaren eta Boliviaren arteko lagunarteko partidaren amaieran, zenbait istilu izan ziren Anoetako harmailetan. Istiluen ondorioz, 14 ertzain zauritu ziren, horietako bik hausturak izan zituzten eta gainontzekoek, berriz, kolpeak. Halaber, bi pertsona atxilotu zituzten.
Ertzaintzako Erne sindikatuak "antolaketa eta segurtasun falta" salatu zituen eta "ondo antolatutako talde batzuek" futbol zelaian petardoak, bengalak eta ke-bonbak sartu zituzten ertzainen kontra jaurtitzeko.
Gertatutakoa ikusita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ikerketa batzorde bat abian jarri eta Ertzaintzaren jokaera aztertzeko agindua eman du. PSE-EEk eta PPk, bestalde, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren agerraldia eskatu dute Legebiltzarrean, Anoetan gertatutakoa azaltzeko.
PSE-EEko bozeramailearen iritziz, Segurtasun Sailaren erreakzioa "berandu iritsi da, baina ikerketa batzordea sortuta erreakzionatu dute". Hala ere, Beltran de Heredia sailburuak istiluen inguruan egidako adierazpen batzuk kritikatu ditu.
"Gertaera ikaragarria"
"Ez du oso zentzuzkoa ematen futbol partidan izandako gertaera ikaragarri haiek jaia izan zirela esan eta aldarrikapen ekitalditzat hartzea, batez ere ertzainen eta zaleen segurtasuna arriskuan egon zenean", azaldu du Jose Antonio Pastorrek.