Politika -
Bilera Ezpeletan
Baterak Iparraldeko aintzatestearen aldeko mobilizazioak zehaztu ditu
Lebrantxu ministroak sei hilebetean erantzun behar dio Baterak Parisi egindako eskariari, hau da, euskal despartamenduaren aintzatesteari. Bitartean, ez dute ezer egin gabe zain geratzeko asmorik.
Erredakzioa
2013ak Euskal Lurralde Elkargoaren urtea izan behar duela sinetsita elkartu du Batera plataformak bere asamblea larunbat goizean Ezpeletan.
Marilys Lebranchu ministroak sei hilebeteko epean erantzun behar dio Baterak Parisi eramandako eskariari, hau da, euskal despartamenduaren aintzatesteari. Eta bitarte horretan ez dute ezer egin gabe zain geratzeko asmorik.
Bukatu berri den 2012a, aurrera-pauso handiko urtea izan da lurralde elkargoaren aldarrikapenean, eta Batera plataformak balantze oso ona egin du.
Aurrera begira ordea: datozen hilabeteak hil ala bizikoak izango direla jakitun, sozializazio-lanari gogor ekiteko garaia da. Ipar Euskal herritarrei zein Parisi, lurralde elkargoaren beharra azaltzeko garaia.
Lebranchu deszentralizazio ministroak, izan ere, otsailean du bere legea aurkeztekoa. Eta garai bererako Ipar Euskal Herrira etortzekoa dela hitzemana du.
Batera plataformak oso argi du oraintxe dela aukera. Alferrik pasatzen utziz gero, urte luzetan ez dela berriz halako aukerarik berriz izango. Eta lanean gogor jarraituko dute Lurralde Elkargoaren alde.