Politika -
PSEko kongresua
Nazionalismoari 'erantzuteko' Estatuaren erreforma planteatu du PSEk
Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak esan duenez, eskema autonomikoa "berriro adostu behar da". Gainera, alor publikoaren gainean dituen "asmoak" argitzeko eskatu dio lehendakariari.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor Euskadiko Alderdi Sozialistako (PSE-EE) bozeramaileak azaldu duenez, "nazionalismoei" erantzuna emateko Estatuaren erreforma proposatuko du, honen esanetan, "zerbaitek huts egin duelako, eta, ondorioz, eskema autonomikoa berriro adostu behar dugulako".
EFEri eskainitako elkarrizketan Pastorrek azaldu duenez, datorren otsailaren 9an eta 10ean Bilbon izango den PSEko kongresuan eztabaidatuko dute proposamen hau.
Etzabaidaren laguntzaz
Pastorrek azpimarratu duenez, "nazionalista izaerako tentsioak" izan dira azken garaietan, "Katalunian bereziki, eta tentsio leunagoak Euskadin ere". Hala ere, nazionalistek dioten bezala, "guztiontzako kaferik" ez dagoela aitortu arren, "eskema autonomikoan zer edo zer huts egiten hasi da".
"Gobernu zentrala ezin da une oro hordagoa jotzen egon, horrek muturreko nazionalisten adorea pizten duelako", esan du sozialistak, "eztabaidaren bitartez, komuneko gunea aurkitu behar dugu".
Horren harira, "eztabaidaren laguntzaz Euskadi eta Espainia erosotasunez elkarbizitzeko beharrezkoak diren erreformak egin beharko ditugu", ondorioztatu du Pastorrek.
Sektore publikoaren inguruan
Bestalde, Pastorrek Iñigo Urkullu lehendakariari zuzendutako galdera bat erregistratu du sektore publikoaren inguruan dituen "asmoak" argitu ditzan. Sozialistaren esanetan, "Ongizate Estatua osatzen duen zerbitzu publikoak bermatu behar ditu".
Aurreko ostiralean, menpekotasunak artatzeko zentro bati egindako bisita batean Urkulluk esan zuenez "zerbitzu publikoen kalitatea mantentzea" izango da legegintzaldiko helburuetako bat "krisialdi ekonomiko batean, erakundeek baliabide gutxiago dituztenean".
Pastorrek, Legebiltzarrean erregistratutako galderan gogoratu duenez, aurreko abenduaren 12an lehendakariak "sektore publikoaren egitura sinplifikatu eta berriro ordenatzeko" asmoa zuela iragarri, eta % 20 txikituko zuela ere zabaldu zuen.