Politika -
Administrazio Kontseiluak
EH Bilduk ukatu egin du Kutxabankeko kontseiluan sartzea adostu dutela
Koalizioak uste du Kutxabankeko administrazio kontseiluan bi ordezkari izateak ez duela bat egiten errealitatearekin, eta presentzia handiagoa "dagokiola" iritzi dio.
Erredakzioa
EH Bilduk ukatu egin du Kutxabankeko administrazio kontseiluan bi ordezkari izatea adostu duela eta, hiru euskal kutxetan duen indarra kontuan izanda, presentzia handiagoa "dagokiola" iritzi dio.
EH Bilduko iturriek azpimarratu dute erabakia ez dagoela hartuta, nahiz eta hedabide batzuen arabera, koalizio abertzaleak bi ordezkari izatea adostu Gipuzkoan.
Informazio horien arabera, EH Bilduk 15 kidek osatzen duten administrazio kontseiluan bi ordezkari izatea onartu du, baina koalizio abertzaleak argi adierazi du horrek ez duela bat egiten errealitatearekin eta ez duela "errespetatzen, inondik inora, EH Bilduk hiru euskal kutxetan duen indarra", izan ere, "bigarren indarra" da.
Koalizio abertzaleak "akordio zabala" nahi du, ez Gipuzkoara mugatua, eta "proportzionaltasuna" aldarrikatu du.
"Proportzionaltasuna Kutxan bakarrik ezartzea, BBKn eta Vitalen zer egingo duten jakin gabe, EAJren beste estrategia bat da EH Bildu, beste behin ere, baztertzeko", salatu dute aipatu iturriek.
Ezker abertzaleak ere ukatu egin du akordioa
Ezker abertzaleak ere ukatu egin du EH Bilduk Kutxabankeko Administrazio kontseiluan bi ordezkari izatea adostu duela, hainbat hedabidek gaur argitaratu dutenaren kontra.
Joseba Permach ezker abertzalearen ordezkariak twitter bidez eman du horren berri eta gaur bertan gai horren inguruko azalpenak emango dituztela jakinarazi du.
Permachek argi adierazi du: "Egunean zehar argituko badugu ere, aldez aurretik akordioa dagoela ukatu nahi dugu".