Politika -
Atxilotze agindua
Auzitegi Nazionalak Venezuelak De Juana kasuan duen jarrera salatu du
Hugo Chavezen Gobernuak ez die erantzun Eloy Velasco epailearen eskariei.
Auzitegi Nazionalak Iñaki de Juana Chaos bilatu eta atxilotzeko agindua ez berritzea erabaki du, Eloy Velasco epaileak terrorismoa goratzea egotzi zion arren, Venezuelako agintariek “pasibotasuna eta kooperazio falta” erakutsi dutelako.
Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, Auzitegi Nazionalak ez du berriro emango De Juana bilatu eta atxilotzeko agindua, izan ere, Hugo Chavezen Gobernuak ez die erantzun Eloy Velasco epailearen eskariei. Iñaki de Juana bilatzeko eta atxilotzeko agindua 2008ko azaroaren 11tik dago indarrean. Auzitegi Nazionalak Interpolek Venezuelan duen ordezkaritzari abisua eman zion, De Juanak Ipar Irlandako Justiziak ezarritako behin-behineko neurriak betetzeari utzi zionean. Garai hartan, Ipar Irlandako Justizia De Juanaren espainiaratzea bideratzen ari zen.
ETAko presoa Ipar Irlandara joan zen, aske utzi zutenean, baina Auzitegi Nazionalak espainiaratzea eskatu zuen, eta Tom Burgess epaileak onartu egin zuen eskaria 2010eko martxoaren 1ean. Presoaren defentsak helegitea jarri zuen, ordea, Belfasteko Auzitegiaren aurrean.
2011ko urtarrilean, Velasco epaileak artxibatu egin zuen kasua, behin-behinean, Poliziak ez zekielako Iñaki de Juana non zegoen.