Politika -

Euskal Irrati Telebista

EH Bilduk EITBko zuzendariaren profila adostu nahi du EAJrekin

Laura Mintegi bozeramaileak lehentasuna ematen dio akordio horri, izen jakinen aurrean.

Laura Mintegi EH Bilduren bozeramailea. Argazkia: Efe
Laura Mintegi EH Bilduren bozeramailea.
Laura Mintegi EH Bilduren bozeramailea. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Mintegi EH Bilduren bozeramaileak EITBren zuzendari berriaren profila adostu nahi du EAJrekin, izen jakinez hitz egin aurretik. Mintegik esan du zuzendari berriak euskalduna behar duela izan, eta, erakundea ondo ezagutzeaz gain, "herria eraikitzeko" lan egiten duen tresna bihurtu behar duela EITB.

Mintegik prentsaurreko batean azaldu duenez, EAJ koalizioarekin jarri da harremanetan Alberto Surio buru duen EITBren egungo zuzendaritzaren lekua hartuko duen talde berriaren inguruko negoziazioak abiatzeko.

Zuzendari berriaren proposamena Jaurlaritzak egingo du, baina Eusko Legebiltzarrak oniritzia eman behar dio. Hori dela eta, eta EAJk gehiengo osorik ez duela kontuan izanda, beste alderdien babesa behar du.

EH Bilduren bozeramaileak jakinarazi du ez dagoela eperik negoziazio horretarako, baina egungo zuzendaritzak, "alderdikoia, epe motzerako osatua eta oso interesatua" denak, kargua ahal bezain laster utzi nahi duela adierazi dio Jaurlaritzari.

EITBk "duela 30 urte (sortu zenean) zuen izpiritua" berreskuratu beharra duela aldarrikatu du. Hori horrela, "euskara, euskal kultura, integrazio soziala eta herriaren eraikuntza" sustatu behar dituela iritzi dio.

Era berean, Mintegirentzat, zuzendari berriak euskalduna, eleanitza eta profesionala behar du izan; eta, erakundea ezagutzeaz gain, euskal kulturarekin errespetua izan behar du eta Nafarroa eta Iparraldea aintzat hartu.

Bestalde, koalizio abertzalearen bozeramaileak adierazi du EAJk gaur egun EITBn lan egiten duen norbait jarri nahi duela zuzendari, baina Mintegik ez dio horri lehentasuna ematen, kontra ez dagoen arren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea