Politika -
Bilboko protestaren ostean
Presoen lehendakaria ere badela esan dio ezker abertzaleak Urkulluri
Gainera, presoak "etxera itzultzeko" proposamen publikoa egiteko eskatu dio lehendakariari, eta bere "diskrezioak PPri eta inmobilismoari on egiten diola" ohartarazi du.
Erredakzioa
Pernando Barrena ezker abertzaleko bozeramailea Iñigo Urkullu lehendakariari zuzendu zaio "presoen" lehendakaria ere badela gogorarazteko. Ondorioz, euskal presoak "etxera itzultzeko" proposamen publikoa egitea eskatu dio, "diskrekzioak PPri eta inmobilismoari indarra ematen diolako".
Barrenak prentsaurrekoa eman du Donostian Marian Beitialarrangoiriarekin batera Bilbon urtarrilaren 12an presoen eskubideen alde egindako manifestazioaz hitz egiteko. Barrenaren hitzetan, "badirudi presoak eta errefuxiatuak etxera bueltatzea ez dela Urkulluren helburuetako bat, ezta lehentasun bat ere".
Argudio horri helduta, eta presoen gaia Urkulluren lehentasunen artean ez badago, gauzak "argi" esateko eskatu dio lehendakariari, lehenik eta behin jeltzaleen "oinarri sozialak horren berri izan dezan". Gainera, EAEko herritar guztien lehendakaria dela gogorarazi dio Urkulluri eta "preso dauden pertsonekin eta bizi duten egoerarekin amaitzeko zer egingo duen" esateko eskatu dio.
"Proposamen zehatza"
Gauzak horrela, ezker abertzaleko ordezkariek "publikoki aritu eta proposamen zehatza" aurkezteko eskatu diote lehendakariari, izan ere, bere "diskrekzioak PPri eta inmobilismoari indarra ematen diolako".