Politika -

Gürtel auzia

PPk beltzean egindako ustezko ordainketak aztertzeko eskatu dute

Luis Barcenas senatari ohi popularraren abokatuak ikerketak irekitzera gonbidatu ditu Alderdi Popularra eta Ogasuna.

Luis Barcenas senatari ohia eta PPko diruzain ohia. Argazkia: PP
Luis Barcenas senatari ohia eta PPko diruzain ohia. Argazkia: PP

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Barcenas PPko senatari ohiaren eta diruzain ohiaren abokatuak ikerketa zabaltzeko eskatu die Alderdi Popularrari eta Ogasunari, Luis Barcenasek PPko goi karguei beltzean gainsoldata ordaindu zien ala ez argitzeko.

"Alderdi Popularrak gai horren gaineko ikerketa ireki beharko du, eta Ogasunak eta Espainiako Zerga Agentziak beste ikerketa bat, eta gero ikusiko da emaitza", adierazi du Miguel Bajo abokatuak Onda Cero irrati kateko elkarrizketa batean. Horren hitzetan, "ez dira behar bezala aztertzen ari gutun-azalen banaketaren kontua", izan ere, "diru beltza izan daiteke, jasotzen duenak hori ez deklaratzea erabakitzen badu".

Luis Barcenasen abokatuaren arabera, "dirua jasotzen duenak datorren urteko errenta aitorpenean diru hori jaso duela aitortzeko eta Ogasunari deklaratzeko aukera du", eta "dirua eman zuenak horren jatorria ezkutatu badu, irregulartasun bat egin du". "Hemen dioten bakarra da norbaitek dirua banatu zuela gutun-azaletan. Horrek ez dauka garrantzirik diruaren jatorria zein den ez dakigun bitartean", gaineratu du.

Frogarik izan gabe informazio horren berri ahoz eman duenak dauka arazoa orain, "pertsona horrek diru hori banatu dela frogatu beharko du", gaineratu du.

PPk Luis Barcenasi kalte egin diezaiokeen galdetuta argi erantzun du abokatuak: "PPren interesekiko independentea den defentsa prestatu dugu, eta zerikusi gutxi du PPk administrazio publikoan egiten ari den kudeaketa politikoarekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea