Politika -
Polizia operazioa
ETAko ustezko kide bat atxilotu dute Brasilen
Atzemandakoa Joseba Gotzon Vizan Gonzalez da, Barne Ministerioak esan duenez. 1991tik ihes eginda zegoen. Poliziak esan duenez, Brasilen asilo politikoa eskatzeko interesa azaldu du atxilotuak.
Erredakzioa
Brasilgo Poliziak Joseba Gotzon Vizan Gonzalez ETAko ustezko kidea atxilotu du ostiral honetan Rio de Janeiron, Espainiako Barne Ministeriotik jakinarazi dutenez.
Atzemandakoak ihes egin ei zuen 1991n, Poliziak ETAren Bizkaia taldea desegin eta gero. Espainiako Auzitegi Nazionalak atxilotzeko eta entregatzeko nazioarteko agindua emana zuen.
Polizia-iturriek jakitera eman dutenez, Brasilen asilo politikoa eskatzeko interesa azaldu du atxilotuak. Hala ere, Valmir Lemos de Oliveira Rio de Janeiroko Polizia Federaleko buruak adierazi duenez, "garrantzirik gabeko iruzkina izan zen".
Brasilen bizi zen
Joseba Gotzon Vizan Gonzalez Basaurin jaio zen, 1959an, eta hainbat urte zeramatzan Brasilen, ETAk emandako dokumentazio faltsuarekin, Barne Ministerioak jakitera eman duenez.
Bizkaia taldearen menpe zegoen ''talde legal'' baten kide omen zen, eta, talde horretako beste kide batzuekin batera, lapa-bonba bat jarri zuen Manuel Muñoz Dominguez Polizia Nazionaleko agentearen ibilgailuan, Barne Ministerioak emandako datuen arabera. Agentea larri zauritu zen.
Ekintza hura dela-eta, hura atxilotzeko agindua eman zuten nazioartean, eta agindu hori oinarri hartuta atxilotu dute orain.
Halaber, egun batzuk geroago, eta lapa-bonba jarrita berriz ere, Manuel Muñoz Dominguez Polizia agentearen kontrako atentatua egin zuen ustez, Bilboko Bolueta auzoan.
Bestalde, 1988an, atxilotuaren laguntzarekin ustez, Basauriko Polizia Nazionaleko komisariaren kontrakoa erasoa egiten saiatu zen Bizkaia taldea.
1990ean, Bizkaia taldearen egitura berregin omen zuen Joseba Gotzon Vizanek, eta kide berriak erakartzeko lanaren ardura hartu ei zuen. 1991n egin zuen ihes.