Politika -
Gasteiz
Martxoak 3 elkartea baikor, Udalak oroigarria jartzeko asmoa duelako
Gaia jorratzeko, Bildurekin batu da gaur elkartea, eta datorren astean EAJ eta PSE-EEren txanda izango da.
Martxoak 3 elkarteko bozeramailea, Andoni Txasko, pozik dago, 1976an Poliziak hil zituen langileen omenezko oroigarri iraunkor bat jartzeko asmoa agertu duelako Gasteizko Udalak.
Gasteizko San Frantzisko elizako arduradunek sarraski hartan hildako langileen omenezko murala kentzea erabaki zuten urte hasieran, eta, horren harira, Miguel Asurmendi Gasteizko gotzainarekin batzartu dira Martxoak 3 elkarteko kideak
Aipaturiko murala kendu zutela jakinarazteko mezu elektronikoa helarazi zion Elizak elkarteari. Horren arabera, muralak hainbat eliztarri enbarazu egiten zielako kendu zuten.
Hala ere, gaurko bileran bi aldeen gustukoa izango den akordioa lortzeko prest agertu dira Elizaren ordezkariak.
Txaskoren hitzetan, Martxoak 3 elkarteak panel informatiboak ipini nahi ditu oroigarri iraunkorraren alboan, sarraskian hildako langileen omenez.
Ekimen horren berri eman diote Gasteizko Udaleko Bilduko ordezkariei, eta datorren astean EAJko eta PSE-EEko ordezkariekin elkartuko dira. Bestalde, Alderdi Popularrarekin ere bilduko dira, oraindik datarik zehaztu ez badute ere.
Txasko baikor agertu da, eta ekimena aurrera aterako dela uste du.