Politika -
Diagnosia
EH Bilduk 'eredu berri bat eratzeko zeharkako akordioak' eskatu ditu
Nafarroak bizi duen "larrialdi" egoeraz ohartarazi du EH Bilduk eta herritarrei eredu berri bat sortzeko ideiak eskatu dizkiete.
Erredakzioa
EH Bildu koalizioak "Nafarroak bizi duen larrialdi egoerari aurre egiteko, aldaketa politiko, sozial eta ekonomikorako" prozesu bat hasi du Iruñean eta herritarrei ideiak eskatu dizkie.
Nafarroaren errealitate politiko, sozial eta ekonomikoaren inguruko diagnosi bat aurkeztu dute eta otsailaren 9 bitartean ekarpenak egin ahal izango direla azaldu dute. Ondoren, "proposamenen bigarren fasea" hasiko dute eta herritarrekin eta erakundeekin elkarlanean egongo direla esan dute, "egungo egoera aldatu eta eredu berri bat sortzeko".
"Egoera honek akordio ausartak eta zeharkakoak behar ditu. Ezin dugu gure etorkizuna egoera hontara eraman gaituztenen esku utzi", esan dute.
Ekitaldira kazetaritzako, ekonomiako, sindikatuetako, hezkuntzako eta kulturako ordezkariak joan dira eta orain hasiko den fasean parte hartzeko gonbitea egin diete.
Ondoren, "proposamenak egiteko unea hasiko da", eta "sektoreka" egingo dutela azaldu dute. Bilduk "gizarte eragileei, sindikatuei eta herritarrei" elkarrizketarako deia egin die.