Politika -

Barcenas auzia

Basagoiti: 'Diruzain batek ezin du legalki diru kopuru hori irabazi'

Urkulluk eta Rajoyek izango duten bileraz ere mintzatu da Basagoiti eta "lehendakariak ez dezala espetxe politikaz eta independentziaz ezer espero", adierazi du.

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea Radio Euskadin.
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea.
Basagoitiri elkarrizketa, Radio Euskadin

1:07

Elkarrizketa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteari "oso arraroa" iruditzen zaio norbaitek 22 milioi euroko kontu bat Suitzan edukitzea, "ez dut ezer ere ez sinesten. Alderdi bateko diruzain batek ezin du legalki diru kopuru hori irabazi", adierazi du.

Ildo honetan, "politikari eta PPko kide gisa lotsa ematen dit", esan du Radio Euskadiko elkarrizketa batean, "ideia batzuengatik eta bokazioagatik gaude politikan" azpimarratu du. Ustelkeria kasuak "nazkagarriak" direla nabarmendu du, "eta alderdi barrutik baldin badatoz, are gehiago".

PPn diru beltza jaso izana ukatu du; izan ere, diputatu ohi batek buruzagi popularrek pizgarriak kobratzen zituztela aitortu zuen. Barne kontrolak jartzearen alde egin du, "barne kontrola beharrezkoa da, diziplina neurriak hartzeko".

Iñigo Urkulluk Mariano Rajoy presidentearekin datorren astean izango duen bileraren inguruan, "ekonomiaz asko hitz egingo da", azpimarratu du Basagoitik. "Ekonomia izango da ildo nagusia eta kupoaren interpretazio batzuekin zer gertatzen den ere izango dute hizpide", adierazi du. "Ez dezala lehendakariak espetxe politikaz eta independentziaz ezer espero", gaineratu du, "badaki dagoeneko Artur Masek izan zuen erantzuna". "Urkulluk ekonomia hobetzean pentsatzen badu, elkarguneak egongo dira", ondorioztatu du.

Aurrekontuak

EAEko PPko presidenteak adierazi duenez, ez diote EAJri "txeke zuri" bat emango Jaurlaritzaren aurrekontuak onartzeko eta "gaur egun, ez genituzke onartuko", azpimarratu du.

Atzo, bi alderdiek Gasteizen lortu zuten akordioaren inguruan, "momentuz, soilik akordio hori dago eta Bizkaiko Aldundiko aurrekontuetarako giro ona, besterik ez", azaldu du.

"Datozen orduetan, Bizkaiko aurrekontuak onartzea errazteko dauden aukerak ikusteko elkarrizketak hasiko ditugu", esan du, eta aukera horretarako "zirrikitu bat irekita dago, baina oraindik negoziatzeke dago", zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea