Politika -
Sabino Arana Fundazioa
'Flandesek eta Euskadik EBko nazioak izateko grina dute komunean'
Sabino Arana Fundazioak eskainitako golardoa jaso du Bart de Weber Anbereseko alkateak. Horren esanetan, Flandes eta Euskadiren artean "elkartasun politikoko adibide onak daude".
Erredakzioa
Bart De Weber Anbereseko alkateak eta Aliantza Flandestar Berriko presidenteak adierazi duenez, "Flandesek eta Euskadik Europar Batasuneko nazioak izateko grina dute komunean". Politikari flandestarrak Sabino Arana Fundazioak eskainitako golardoa jaso du igande honetan.
De Weberren esanetan, "Aliantza Flandestarrak egindako lanari eta lortutako babesari" eskainitako aitorpena da. Izan ere, alderdi hori "Belgika Estatu konfederala bihurtzeko eta Flandes Europar Batasuneko eskubide osoko kide bihurtzeko" ari da lanean.
Horren esanetan, Flandes eta Euskadiren artean "elkartasun politikoko adibide onak daude, Francoko diktaduraren garaikoak ere direnak". Halaber, "euskal nazionalismoaren iraunkortasuna, bultzada eta dinamismoa gazte flandestar abertzaleentzako inspirazio bihurtu dira".
"Egun, Flandesek eta Euskadik Europar Batasuneko nazioak izateko grina dute komunean", adierazi du, "bide berdinean egoteak balioa ematen digu, lagunak garen heinean".
Sariak
Sabino Arana Fundazioak XXIV. edizioa ospatu du igande honetan. Gorabide urritasun intelektuala duten lagunei babesa eskaintzen dien elkartea, Mari Puri Herrero artista bilbotarra, Euskal Herriko Txistularien Elkartea, euskal kirolari olimpikoak, eta Idom enpresa bilbotarra saritu dituzte aurten.
Euskal nazionalismoaren sortzailearen jaiotza ospatzeko Fundazioak eskainitako golardoak dira, eta lagunek, erakundek edo kolektiboek "gizartearen mesederako" egindako lana aitortzea dute helburu.
'Edizio berezia'
Bestalde, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidenteak esan du Euskal Herriak Europan protagonista izan nahi duela, "estaturik ez duten beste nazioekin batera". Atutxak azpimarratu egin du aurtengoa edizio berezia dela "aurreko urteetan ez bezala, ekitaldiaren buru gure lehendakaria dugulako", Iñigo Urkullu.
Herrizaingo sailburu ohiaren arabera, iaz egoera "gogorra eta zaila" bazen ere, 12 hilabete ondoren "larriagoa da". Atutxaren iritziz, Fundazioaren sariek Euskadi "oparoagoa, bidezkoagoa eta batuagoa" lortzeko "bidea" erakusten dute.