Politika -

Barcenas auzia

PPren ohorea epaitegietan defendatzearen alde agertu da Alfonso Alonso

Diputatuen Kongresuan PPk duen bozeramailearen iritziz, Barcenas auzia argitara ateratzen ari direnen asmoa PPri eta Mariano Rajoy Espainiako presidenteari kalte egitea da.

Alfonso Alonso. Argazkia: EITB
Alfonso Alonso.
Alfonso Alonso. Argazkia: EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Popularraren eta Mariano Rajoyren "ohorea" epaitegietan defendatzearen alde agertu da Alfonso Alonso Diputatuen Kongresuan PPk duen bozeramailea. Horren ustez, gainsoldaten gaia argitara ateratzen ari direnen asmoa PPri eta Mariano Rajoy Espainiako presidenteari kalte egitea da.

"Kaleratu den informazioa gezurtatu egin behar da, kontuak mahai gainean jarri behar dira, eta epaileek iker dezatela gaia kaltetua izan den alderdiaren ohorea leheneratzeko", esan du Alfonso Alonsok Antena 3 telebista katean egindako elkarrizketa batean.

Atzo Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren "agiri sekretuak" publikatu zituen El Pais egunkariak. PPko buruzagi nagusiek, horien artean Mariano Rajoyk, gainsoldatak diru beltzean jaso zituztela frogatzen ei dute paper horiek.

Alfonso Alonsok adierazi duenez, Alderdi Popularrak jasotako dohaintzak Kontuen Auzitegian deklaratu dituzte. "Informazio horri aurre egiteko eta diotena gezurtatzeko, kontuak mahai gainera atera behar dira, eta hori da egingo duguna", gaineratu du.

"Ez dakit nor dagoen informazio horien atzean, eta zein den bere asmoa, baina dirudienez Alderdi Popularrari eta Espainiako presidenteari kalte egin nahi die", adierazi du. Alfonso Alonsoren hitzetan, PP alderdi "garbia eta zintzoa da", eta "ez du xantaiarik, estortsiorik, azpijokorik eta jokabide arrarorik onartuko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea