Politika -
Aurrekontuak 2013
EAJ azpiegitura handien alde egonda, akordioa zail ikusten du Mintegik
EH Bilduko bozeramailearen iritziz, legegintzaldi berriko Bake eta Bizikidetza Lantaldeak "inongo aurrebaldintzarik gabe" hasi beharko luke lanean, baina orain arte egindakoa ahaztu barik.
Erredakzioa
Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak Euskadiko 2013ko aurrekontuak adostea "oso zaila" izango dela iragarri du, batez ere, jeltzaleek abiadura handiko trena eta antzeko "azpiegitura erraldoien" alde egiten jarraitzen badute. Mintegiren ustez, horrelako lan handiek "ez dute gizartearentzako berehalako interesik" eta murrizketa sozialak eragingo dituzte.
Bestalde, EAJk, PSEk eta PPk iragan legegintzaldian Legebiltzarreko Bake Lantalderako egindako gutxienezko akordioa kontuan izan behar da hurrengo urratsetan, baina Aieteko Adierazpena eta Baionako Foroko hausnarketekin batera.
Mintegiren iritziz, legegintzaldi berriko Bake eta Bizikidetza Lantaldeak "inongo aurrebaldintzarik gabe" hasi beharko luke lanean, baina orain arte egindakoa ahaztu barik.
EITBko zuzendaritza
Mintegik EAJren Gobernuaren lehen hilabete eta erdiko balantzea egin du, jeltzaleen koherentzia falta nabarmenduta. Alde batetik elkarrizketa eta oposizioarekin akordioak egitearen alde agertzen dira, baina, EH Bilduko kidearen ustez, gero "aldebakarreko" erabakiak hartzen dituzte, eta jarrera hori argi geratu da EITBko zuzendari berriaren izendapenean.
"EAJrekin irrati-telebista publikoaren eredua mahai gainean jartzeko beharraz aritu ginen, baita zuzendaria eta zuzendaritza taldearen perfilaz ere, eta ondoren izenak proposatzea eskaini genuen, baina prozesu horri ez diote kasurik egin eta gauzatutako ekintzen alde egin dute", kritikatu du.