Politika -
Diputatuen Kongresua
Autodeterminazio eskubidea lege bilakatzea eskatu dute Kongresuan
Amaiur, ERC eta BNG alderdien proposamena da. CiUk eta EAJk ez dute sinatu, baina alde agertu dira. Ekimenak ez du aurrera egingo PPk eta UPyDk aurka bozkatuko dutelako.
Erredakzioa
Autodeterminazio eskubidea lege bilakatzeko proposamena aurkeztu dute Diputatuen Kongresuan Amaiurrek, ERCk eta BNGk.
Proposamenak Kongresuko Mahaiaren filtroa gainditu beharko du, eta honek aintzat hartuz gero, Espainiako Gobernuari igorriko dio, legezko proposamen bat den heinean beto eskubidea gauzatu nahi duen ala ez erabaki dezan.
Nolanahi ere, hiru taldeetako diputatuek ez dute uste Kongresuko Mahaiak inolako "oztoporik" jarriko duela, "proposamena demokratikoa, baketsua eta legezkoa delako", Alfred Bosch ERCko ordezkariaren hitzetan.
Alderantziz gertatuz gero, "lotsagarria" izango litzatekeela eta "demokraziaren falta" agerian geldituko litzatekeela azpimarratu dute Xabier Mikel Errekondok (Amaiur) eta Olaia Fernandezek (BNG).
CiUk eta EAJk ez dute legezko proposamena sinatu, baina ekimenaren ildo nagusiekin bat datozela adierazi dute. Proposamena eztabaidatzera iritsiz gero, Alderdi Popularreko eta UPyDko parlamentariek kontra bozkatuko lukete eta, beraz, egitasmoak ez luke aurrera egingo.
Hala eta guztiz ere, Amaiurreko, ERCko eta BNGko ordezkariek uste dute "Espainiako demokrazia gai dela eta gai izan beharko litzatekeela" autodeterminazio eskubidea erregulatzeko, areago eskubide hori aitortzen den hainbat hitzarmen, adierazpen eta ebazpen berretsi dituenean.
Adibide moduan, eta besteak beste, Nazioarteko Hitzarmena eta Nazio Batuen Erakundeak onartutako Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpena aipatu dituzte.